Azken hiru egunetan 28 positibo berri baieztatu ditu Osasun Sailak Azkoitian

Anartz Izagirre 2021ko api. 19a, 13:18

Azken hamalau egunetan 156 kasu positibo baieztatu dituzte Azkoitian, eta intzidentzia tasa 1.300dik gorakoa da. Aizarnazabal, Beizama eta Errezil izan ezik, eskualdeko beste herri guztiak itxita egongo dira bihartik aurrera.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Joan den asteleheneko datuak baino apalagoak baldin badira ere, azken hiru egunetan 28 kasu positibo hauteman dituzte Azkoitian. Zortzi kasu positibo baieztatu zituzten ostiralean egindako testetan, hamalau larunbatean eta sei atzo, igandea.

Joan zen asteartetik itxiera perimetrala du Azkoitiak, eta horrela jarraituko du gutxienez beste astebetez. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasak edo intzidentzia tasak, gainera, gora egin du Azkoitian. Azken hamalau egunetan 156 kasu detektatu dituzte herrian, eta 1.301,84ko intzidentzia tasa du uneotan, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik altuena.

Urola Kosta eskualdean, ostera, guztira 190 kasu atzeman dituzte ostiraletik igandera bitartean, joan zen astelehenean baino 54 gehiago, eta 5.000 biztanletik gorako herri guztiek 400dik gorako intzidentzia tasa dute uneotan. Positiborik gehien Zarautzen atzeman dituzte: 81. Joan zen asteko datuekin alderatuta nabarmen egin dute gora positiboek Urola Kostako herririk handienean, eta intzidentzia tasak ere goranzko joera du; gaur-gaurkoz, 1.105,07ko intzidentzia tasa dute. Azken astean itxita egon den beste herria Orio da, eta beste hamabost positibo izan dituzte herrian azken hiru egunetan. Intzidentzia tasak gora egin du han ere, eta 1.027,40koa da uneotan.

Bestalde, Zumaian ere 28 kasu berri atzeman ditu Osasun Sailak, eta astebetean eremu laranjatik gorrira igaro da. Gaur-gaurkoz, 936,20ko intzidentzia tasa dute han, eta bihartik aurrera itxiera perimetrala izango dute. Azpeitian ere antzeko egoera dute, 17 kasu berri zenbatu baitituzte azken hiru egunetan, eta 492,77ko intzidentzia tasarekin eremu gorrian dago herria. Beraz, bihartik aurrera itxita egongo da Urola Erdiko herririk handiena ere.

Eskualdeko 5.000 biztanletik beherako herrietan ere ez du etenik COVID-19 gaitzaren hedapenak. Aian hamar kasu izan dira asteburuan, eta 1.410,58ko intzidentzia tasa dute uneotan, eskualdeko altuena. Gertutik jarraitzen dio Getariak; azken hiru egunetan lau kasu berri egon dira, eta 1.307,42ko intzidentzia tasa dute uneotan. Zestoan, aldiz, zazpi kasu hauteman dituzte, eta 590,65ekoa da tasa. Bihartik aurrera itxi egingo dute, beraz, Zestoa. Egun, Aizarnazabal, Beizama eta Errezil dira eskualdean irekita dauden herri bakarrak.

Hegoaldean ere gaizki

Hego Euskal Herrian, guztira, 773 kasu positibo hauteman zituzten atzo, eta 8.624 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan. Positiborik gehien Gipuzkoan zenbatu zituzten (302), eta, ondoren, Bizkaian (253), Nafarroan (140) eta Araban (71).

Bestalde, ospitaleratze kopuruak gora egin du herrialde osoan: 495 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta 200dik gora Nafarroakoetan. ZIUetan ere gora egin du erien kopuruak: 147 daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 42 Nafarroan. Positibotasun tasari dagokionez, berriz, %8,7koa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta %10,2koa Nafarroan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide