Alkatearen mezua "lekuz kanpo" dagoela iruditzen zaio Azkoitiko EH Bilduri

Aitziber Arzallus 2021ko api. 17a, 15:46

Koalizioak uste du ezin dela "zama guztia herritarren gain utzi", eta agintariek dutela neurriak hartu eta horiek betearazteko ardura. Zubizarretari eskua luzatu diote, "elkarrekin herrian bizitzen ari garen une larri honi buelta emateko".

Herriko egoerarekin kezkatuta, eta Javier Zubizarreta alkateak herritarrei helarazi dien mezuaren ondotik, oharra atera du Azkoitiko EH Bilduk. Birusa herrian izaten ari den hedapena gertutik jarraitzen ari direla adierazi du koalizioak, datuak "oso kezkagarriak" direlako, baina alkateak herritarrei helarazi dien mezua "lekuz kanpo" dagoela iruditzen zaio, "alkatearen mezua ezin delako izan herritarrei kontuak horrela eskatzea".

EH Bilduren ustetan, "denok gaude nekatuta, luze egiten ari zaigu, eta txertoen zabalpena hasten ari denean ezin dugu erlaxatu, ez, baina agintariek ere ez". Eta ez deritzo zilegi "zama guztia herritarren gain" uzteari; "mezu kontrajarriak bidali, herri arteko mugikortasuna baimendu eta gero herritarrei errua bota". Prentsa oharrean dioenez, "agintarien esku dago neurriak hartu eta horiek betearaztea, izan udala edo Jaurlaritza, herritarrei mezu argi eta garbiak helaraztea, herritarrak informatu eta elkarlanean pandemiari aurre egitea. Beren eginkizuna eta ardura da". 

Egoerari buelta emateko, elkarlanaren beharra nabarmendu du EH Bilduk. "Azken egunotan egin dugun bezala, Zubizarretari eskua luzatzen diogu elkarrekin herrian bizitzen ari garen une larri honi buelta emateko". Alkateak har dezakeen neurrietako bat ere aipatu du: "Bere eskumena da, esaterako, udal instalakuntzak aldi baterako ixtea kutsatze kateak mozteko". 

Zubizarretari ez ezik, herritarrei ere mezua bidali die EH Bilduk: "Herritarrei ere dei egiten diegu, gehiengoa egiten ari diren bezala, jarrai dezatela gauzak ondo egiten. Nekatuta, bizitzak hankaz gora jarrita eta nazkatuta gaude, bai, baina jarraitu egin behar dugu segurtasun neurriak betetzen eta alerta ez jaisten, denon artean, elkar zainduz lortuko dugu, elkarrekin, egoera gainditzea".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide