Askotariko melodiak entzuteko aukera izango da 29. Udaberriko Musikaldian

Anartz Izagirre 2021ko api. 17a, 08:30

Thomas Hospital organoa jotzen, 'Hatsaz eta hotsez'-en emanaldi batean.

Hatsaz eta hotsez kontzertuak irekiko du Udaberriko Musikaldia maiatzaren 2an. Guztira, bost kontzertu eskainiko dituzte, maiatzeko igande bakoitzean bana, eta aukera zabala izango da entzuleen gozamenerako.

Urtebeteko etenaren ostean, bueltan da berriro Udaberriko Musikaldia. Aurtengoa jaialdiaren 29. edizioa izango da, eta egitarau zabala prestatu dute musika klasikoaren zaleen gozamenerako. Maiatzaren 2an izango da lehen kontzertua, Hatsaz eta hotsez deiturikoa. Lehen hitzordu horretan, Thomas Ospital, Oreka TX eta Thierry Biscary izango dira parrokian kontzertua eskainiko dutenak, eta hainbat abesti interpretatuko dituzte agertokian; esaterako, Bateran, Auxotea, Ikusi duzu goizean, Igorreko jotea eta Oi Pello Pello abestiak joko dituzte. Kontzertu horretan, organoa, txalaparta, perkusioa eta ahotsa uztartuko dituzte musikariek.

Hurrengo asteetan ere ez da musikarik faltako jaialdian. Izan ere, maiatzaren 9an Metamorfosia deituriko kontzertua eskainiko dute Garikoitz Mendizabalek eta German Ormazabalek, eta txistu zein piano doinuak nagusituko dira parrokian. Maiatzaren 16an, berriz, Joxan Goikoetxea eta Euskamerata igoko dira agertokira, eta emanaldian hainbat instrumentu entzun ahal izango dira; horrez gain, Iñaki Beraetxek errezitaldia eskainiko du.

Maiatzaren azken bi asteetan, Vocalia taldearen eta Tetraphilia Ensembleren txanda izango da, hilaren 23an eta 30ean, hurrenez hurren; bi kontzertu horietan ere musika klasikoaz gozatzeko parada izango dute entzuleek. Guztira, bost kontzertu izango dira aurtengo Udaberriko Musikaldian, maiatzeko igande bakoitzeko bana, eta kontzertu guztiak Azkoitiko parrokian izango dira, 18:30ean hasita.

EGITARAU OSOA:

- Maiatzak 2. Hatsaz eta hotsez. Musikariak: Thomas Ospital (organoa), Oreka TX Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte (txalaparta, harrizkoa eta zurezkoa) eta Thierry Biscary (ahotsa eta perkusioak).
Kontzertuko egitaraua: Bateran, Auxotea, Ikusten duzu goizean, Albuk, Elezurtzak, Igorreko jotea, Kirikoketa, Santa Ageda, Ilargilore, Zortziko, Agurra, Biribilketa a Santa Cecilia, Oi Pello Pello, Miru gorria, Ugatza, Mari & Kanaky, Harriduraz, Tutuezpata.

- Maiatzak 9. Metamorfosia. Musikaria: Garikoitz Mendizabal (txistua) eta German Ormazabal (pianoa).
Egitaraua: Rapsodia txistu eta pianoarentzat (Eduardo Moreno), Txisturako kontzertua (Naji Hakim), Euskal suitea (Tomas Garbizu), Recuerdos de ayer (David Rivas), Basque Anthology (Naji Hakim) eta Hiru ataletako alborada (Eduardo Gorosarri- Ramon Lazkano).

- Maiatzak 16. Joxan Goikoetxea eta Euskamerata. Musikariak: Joxan Goikoetxea (akordeoia), Iosune Marin (gitarra klasikoa), Amaia Azkue (ahotsa), Klara Mendizabal (ahotsa), Maider Zapirain (biolontxeloa) eta Iñaki Beraetxe (errezitatzailea).

- Maiatzak 23. Vocalia taldea. Musikariak: Vocalia taldea (ahotsa), Basilio Astulez (zuzendaria), Cristina Saldias (pianoa), Mertxe Fernandez de Bastida (akordeoia) eta Jaurne Garminde (bakarlaria).

- Maiatzak 30. Tetraphilia Ensemble. Musikariak: Ander Telleria (akordeoi mesotonikoa), Anna Margules (flauta), Vanesa Garcia (sopranoa), Elena Ruiz (mezzosopranoa), Cesar Polo Polo (tenorra) eta Jorge Apodaca (baxua).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide