Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri du koronabirusaren bilakaerari buruzko eguerdiroko txostena, eta datu kezkagariak ekarri ditu gaurkoak ere. Azkoitian beste hamalau positibo baieztatu zituzten atzo, 99 izan dira aste guztian, eta gorantz jarraitzen du hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopuruak. Joan den ostiralean 559,13koa zen eta bikoitza da gaur: 1.210,05ekoa, hain zuzen. Ondorioz, datorren asteartetik aurrera ere perimetralki itxita jarraituko du herriak, eta horrekin batera, tabernen eta jatetxeen ordutegiek murriztuta segiko dute eta barruko taldeko kirol jarduerek are gehiago mugatuta.
Eskualdeko panorama ere ez da batere itxaropentsua: atzo 69 kasu berri atzeman zituzten orotara, eta 396 izan dira azken zazpi egunotan zenbatutakoak. Eskualdean Azkoitia da 5.000 biztanletik gorako herrietan intzidentzia tasarik altuena duena, baina gainontzekoetan duten egoera ere ez da askoz hobea. Zarautzen hemeretzi kasu zenbatu zituzten atzo, 112 aste guztian, eta 839,51koa da tasa. Orion, zazpi kasu berri atzeman zituzten atzo, 37 aste guztian, eta 831,70eko tasa dute. Zumaian 702,15eko tasa dute atzo hamabi positibo baieztatuta; aste guztian 49 izan dituzte han. Azpeitia, berriz, gaur sartu da eremu gorrian. Atzo bost positibo hauteman zituzten han, 47 aste guztian, eta 400,79ko tasa dute. Azkoitia, Orio eta Zarautz itxita daude astearteaz geroztik, eta gainontzekoak datorren asteartean ixteko arriskuan.
5.000 biztanletik beherako herrietan neurri are murriztaileagoak ezartzeko beste irizpide batzuk hartzen ditu kontuan Eusko Jaurlaritzak, eta momentuz zabalik daude eskualdeko herri txiki guztiak, baina haietako batzuetako egoera ez da batere ona. Aian, esaterako, sei positibo zenbatu zituzten atzo, hamabost aste guztian; Getarian hiru atzo eta 25 astebetean; eta Zestoan hiru atzo eta 11 azken zazpi egunotan. Aizarnazabalgo, Beizamako eta Errezilgo egoera oso bestelakoa da. Errezilen positibo bat izan dute azken zazpi egunotan, eta Aizarnazabalen eta Beizaman bat bera ere ez.
Hego Euskal Herrian 1.115 positibo berri
Hego Euskal Herrian 12.824 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak, eta 1.115 positibo berri atzeman zituzten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 10.067 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta 916k eman zuten positibo, hau da, %9,1ek. Bezperan 8,7koa zen positibotasuna, eta beraz, eskualdean bezala, okerrera egin dute datuek hiru lurralde horietan ere. Araban 101 positibo atzeman zituzten atzo, Bizkaian 413 eta Gipuzkoan 389.
Nafarroan 2.757 proba egin zituzten atzo, eta 199 positibo berri atzeman dituzte. Positibotasuna %7,2koa da han gaur-gaurkoz (bezperan %7,4koa zen).
Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 67 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten Osakidetzako erietxeetan COVID-19 birusagatik, eta guztira 433 lagun daude ospitaleratuta (hilabetea hasi zenean 308 zeuden). ZIUn, berriz, 132 pertsona daude ospitaleratuta (hilabete hasieran 93 pertsona zeuden zaintza intentsiboko unitateetan ospitaleratuta).