Azkoitiak Gipuzkoako Herriarteko txapelketetan parte hartuko du

Julene Frantzesena 2021ko api. 15a, 15:38

Alex Juaristi, sakea egiten.

Eskuzko eta gomazko paleta txapelketetan parte hartuko du Azkoitiak. Gipuzkoako Pilota Federazioak datorren astean egingo du lehen kanporaketetako zozketa. Iaz ez zen Herriarteko Txapelketarik jokatu, COVID-19aren pandemia tarteko.

Iazko etenaren ostean, aurten itzuliko dira Gipuzkoako Herritarteko pilota txapelketak. Hainbat herrik eman dute izena eskuzko, gomazko paletako, larruzko paletako eta zesta puntako txapelketetan, eta eskualdeko herri batzuk ere izango dira lehian, tartean Azkoitia. Hain zuzen ere, Azkoitiak eskuzko eta gomazko paleta txapelketetan parte hartuko du.

Datorren astean egingo du txapelketetako zozketa Gipuzkoako Pilota Federazioak, eta orduan jakingo dute Azkoitiko ordezkariek zein herritako pilotarien aurka neurketuko dituzten indarrak lehen kanporaketan. Ohiko zozketa ekitaldirik ez dute egingo aurtengoan COVID-19aren pandemia dela eta, baina federazioko ordezkariak telematikoki bilduko dira parte hartuko duten herrietako ordezkariekin.

Esku pilota txapelketan hamasei herrik eman dute izena: Aduna, Alegia, Amezketa, Andoain, Aretxabaleta, Astigarraga, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Bidania-Goiatz, Hernani, Oiartzun, Oñati, Tolosa eta Zestoa. Gomazko paletakoan, berriz, hemezortzik: Aia, Amasa-Villabona, Andoain, Anoeta, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Deba, Donostia, Errenteria, Hernani, Mutriku, Orio, Soraluze, Tolosa, Zarautz, Zestoa eta Zumarraga. Larruzko paletako lehian zazpi talde ariko dira: Andoain, Deba, Donostia, Errenteria, Oiartzun, Olaberria eta Ordizia. Eta zesta puntakoan, lau: Donostia, Hondarribia, Mutriku eta Zumaia. Dena den, herri horiek zein pilotarik ordezkatuko dituzten ez dute zehaztu klubek.

Iaz, koronabirusaren pandemia tarteko, ez zen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketarik jokatu, baina bai orain dela bi urte, eta eskualdeko talde batzuk punta-puntan ibili ziren. Izan ere, Azkoitia txapeldun izan zen gomazko paleta txapelketan –Tolosa garaitu zuen finalean– eta Azpeitia esku pilotako azpitxapeldun izan zen 2019an –Astigarragak irabazi zuen finala–.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide