COVID-19aren pandemiak azken egunetan Azkoitian izan duen bilakaera tarteko, Bertso Urtie egitasmoaren barruan apirilaren 25ean egitekoa zen bertso bazkariaren data atzeratzea erabaki du Erniarraitz bertsozale elkarteak. Hilabetez atzeratuko du hitzordua Erniarraitzek, "zentzuzkoena" horixe dela uste duelako, eta beraz, ekainaren 26an, zapatua, izango da hitzordua.
Joseba jatetxean egingo dute bertso bazkaria egun horretan, eta Maialen Lujanbio eta Julio Soto ariko dira bertsotan. Erniarraitzek jakinarazi duenez, apirilaren 25erako izena emanda zuten herritarrek izango dute ekaineko bazkarira joateko lehentasuna. Dena den, lekurik izanez gero, berriz zabalduko luke izen-ematea.