Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu atzo, astelehena, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta Azkoitiko egoerak okerrera egiten jarraitzen du. Izan ere, bederatzi kasu berri hauteman zituzten atzo, eta 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa milako langara iristen ari da; uneotan, 976,38koa da tasa, atzo baino altuagoa. Gaurtik, perimetralki itxita dago herria, 400dik gorako tasa gainditu duten herrietan eta lurraldeetan aparteko neurriak hartu baititu Eusko Jaurlaritzak.
Eskualdean ere egoera ez da samurra, Zumaia ere eremu gorrian diren herrien zerrendara batu baita gaur. 400eko intzidentzia tasaren mugan zen atzo kostaldeko herria, eta Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratutako datuen arabera, aise gainditu du muga hori: 468,1. Dena den, eremu gorrian diren herrien zerrenda ez dute eguneratuko datorren astera arte –astean behin, astelehenetan, jakinarazten du zerrenda Jaurlaritzak–, eta beraz, gaur-gaurkoz, ez dute neurri murriztailerik ezarriko Zumaian.
Zarautz (646,76 da tasa) eta Orio (587,08 da tasa) ere eremu gorrian dira atzotik, eta herri horietan neurri murriztaileak ezarri dituzte. Eskualdean, gainera, badira 400eko intzidentzia tasa gaindituta duten baina eremu gorrian ez diren herriak ere, hala nola Aia (403,02 da tasa) eta Getaria (883,39 da tasa).
Azkoitian ez ezik, Urola Kostako gainontzeko herrietan ere hainbat kasu zenbatu zituzten atzo: hamar Zarautzen, bederatzi Zumaian, zazpi Azpeitian, bost Orion, hiru Getarian eta bat Errezilen. Kopuru horiek tarteko, intzidentzia tasak gora egin du herri gehientsuenetan: Azpeitian, esaterako, oraindik hori kolorekoa da semaforoa, baina pixkanaka gora ari da egiten, eta tasa 295,66 da egun.
896 positibo Hego Euskal Herrian
Hego Euskal Herrian 896 lagunek eman zuten positibo atzo gauzatutako 11.541 PCR eta antigeno probetan. Horietatik 106 positibo atzeman zituzten Araban, 298 Bizkaian, 315 Gipuzkoan eta 170 Nafarroan; gainera, lurralde horietatik kanpo bizi diren zazpi lagunek ere eman zuten positibo Osakidetzak eta Osasunbideak egindako testetan. Atzoko datuen arabera, %7,8 da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa, eta %7,7 Nafarroan.
Erietxeetako egoerak ere okerrera egin du. Izan ere, atzo 104 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –aspaldiko daturik altuena–, eta Osakidetzak emandako datuen arabera, orotara 430 lagun –bezperan baino hamar gehiago– daude ospitaleratuta hiru lurralde horietan. Gainera, horietatik 127 ZIUetan daude.