Pandemiaren ondorioz, 2022ra atzeratu dute 22. Korrika. Berez, aurten ziren egitekoak euskararen aldeko eta AEKren euskaltegiei bultzada emateko ekimenaren hurrengo edizioa, baina osasun egoera dela eta, ekimena urtebete atzeratzea erabaki dute sustatzaileek. Duela bi urte gaurko egunez igaro zen Korrika eskualdeko herrietatik, eta orduko irudiak berreskuratu ditu Erlo Telebistak honako bideo hau osatzeko.
Korrikaren faltan, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! izeneko dinamika jarri du martxan AEKk, aurten ere "euskalduntze mugimenduaren garrantzia" plazaratzeko. Kanpaina horren barruan, 2021eko Korrikak amaitu beharko lukeen egunean, martxoaren 28an, ekitaldiak egin zituen AEKk Euskal Herriko 80 herritan, tartean Azkoitian. Egun horretan dozenaka lagunek eman zioten bultzada AEKren euskaltegiei.