Itzulia igaroko da gaur Azkoititik, eta trafikoan eragingo du txirrindularitza probak

Ihintza Elustondo 2021ko api. 10a, 11:32

Itzuliaren azken etapa jokatuko dute gaur, Ondarroan hasi eta Eibarko Arraten bukatuko dena. 15:15 aldera iritsiko dira txirrindulariak Azurkiko portura, eta handik Madariagara joango dira. 15:00etan itxiko dute Mekoletako biribilgunea, eta txirrindulariak igaro arte ezingo da Azkarateko errepidea erabili. 

Euskal Herriko Itzulia txirrindularitza proba Azkoititik igaroko da gaur, larunbata. Azken etapa jokatuko dute, eta Ondarroan (Bizkaia) hasi eta Eibarko Arraten (Gipuzkoa) bukatuko da ibilbidea. 15:15 aldera iritsiko dira txirrindulariak Azurkiko portura, eta handik Madariagara joango dira. Ondoren, Azkaraten behera jaitsi eta Elosuarako bidea hartuko dute; handik Bergarara (Gipuzkoa) joango dira.

Txirrindularitza probak eragina izango du trafikoan. Izan ere, Azkoitiko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, 15:00etan itxiko dute Mekoletako biribilgunea, eta txirrindulariak igaro arte ezingo da Azkarateko errepidea erabili.

Gaur argituko da zeinek irabaziko duen Euskal Herriko Itzuliaren 60. aldia. Etapa oso gogorra da gaurkoa, txirrindulariek zazpi mendate igoko baitituzte 112 kilometroko ibilbidean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide