741 positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian

Ihintza Elustondo 2021ko api. 5a, 13:09

8.107 proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, eta horietatik 741ek eman zuten emaitza positiboa. Horrenbestez, %9,14ra igo da positibotasun tasa; herenegun %7,97koa zen zifra hori. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Osasunbideak emandako datuen arabera, gora egin dute kasu positiboek azken orduetan. Hain zuzen ere, 8.107 proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, eta horietatik 741ek eman zuten emaitza positiboa. Horrenbestez, %9,14ra igo da positibotasun tasa; herenegun %7,97koa zen zifra hori.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 564 positibo atzeman zituzten atzo, herenegun baino 73 gehiago. Zehazki, 79 kasu atzeman zituzten Araban, 245 Bizkaian eta 235 Gipuzkoan. Guztira, 6.514 proba egin zituzten hiru lurralde horietan, eta %8,7koa da positibotasun tasa gaur-gaurkoz; bezperan %7,5ekoa zen kopuru hori.

Nafarroan, bestalde, 1.593 proba egin zituzten atzo, eta 177 lagunek eman zuten positibo, bezperan baino 23 pertsona gehiagok, hain zuzen ere. Egun, %11,1ekoa da positibotasun tasa Nafarroan, eta herenegun %9,8koa zen; urtarrilaren 17az geroztik izan duten tasarik altuena da atzokoa. Nafarroan, asteko egun guztietan zenbatu dituzte 150 positibo baino gehiago, eta aurreko astearekin alderatuz, %10 egin dute gora kasu positiboek.

Ospitaleen egoerari dagokionez, 55 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren erietxeetan, eta gaur-gaurkoz COVID-19a duten 97 pertsona daude Zaintza Intentsiboetako Unitateetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide