Realak eta Athleticek Sevillan jokatuko duten finalaren atarian, herritar askok eta askok beren etxeetako balkoiak eta leihoak apaindu ditu talde bietako baten koloreekin. Puxikak, banderak, bufandak nahiz kamisetak, jarraitzaile zuri-gorriek eta txuri-urdinek armairuak hustu dituzte etxaurrean jartzeko.
Etxe batzuetan Realaren golak bakarrik ospatuko dira, beste batzuetan Athleticenak, baina badira zuri-gorrien zein txuri-urdinen golak etxe berean ospatuko dituztenak ere. Finala, etxeetan hasi da aurten jokatzen; izan ere, urtebete egon behar izan dute futbolzaleek Euskal Herriko bi taldeek jokatu beharreko finalaren zain.