Azkoitian egun seinalatua izan ohi da askorentzat Ostiral Santua. Arratsaldeko mezaz eta prozesioaz gain, gauean ere hilobirako prozesioa egiten baita. Iaz, ez zen ez mezarik ez prozesiorik egin Azkoitian indarrean zegoen etxeratze aginduagatik. Herriko kristauek aurten ere ez dute prozesioa ikusterik izan, baina, Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan ospatu dute Ostiral Santua.
Dozenaka herritar batu da gaur arratsaldeko 17:00etan parrokian Felix Azurmendi erretoreak zuzendu duen Jesusen nekaldi eta heriotzaren ospakizun mezan. Ostiral Santua agurtzeko, berriz, 21:30etik 21:40era bitartean etxeetako leihoak eta balkoiak kandelekin argitzeko deia egin du parrokiak.
Larunbat Santuan eta Pazko igandean ere mezak eta ospakizunak izango dira parrokian. Larunbatean, esaterako, Pazko Gaubeila egingo dute parrokian, 20:00etan; sua, pazko suzia eta uraren bedeinkapena egingo dituzte berpizkunde mezan. Pazko igandean, bestalde, Pazko meza nagusia egingo dute 11:00etan, parrokian.