Udalak 85.000 euro bideratu ditu, ostalariei dirulaguntza zuzenak emateko

Andoni Elduaien 2021ko mar. 30a, 14:26

Ostalaritzako establezimenduek apirilaren 16ra arteko epea dute dirulaguntza eskaera egiteko. Itxita egon behar izan dutenek 1.200 euroko laguntza zuzena jasoko dute. Kopuru horretaz gain, partida agortu ezean, geratzen den diru kopurua altan dituzten langile kopuruaren arabera banatuko da.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak gaur, asteartea, argitaratu du ostalaritzako establezimenduei emango zaizkien dirulaguntzen inguruko oinarriak eta deialdia. Udalak bigarren aldiz ireki ditu ostalarientzat dirulaguntza zuzenak; oraingoan, 85.000 euroko partida bideratu du. Laguntza berri horiek, azaroaren 6ko 38/2020 dekretuaren ondorioz, itxita egon diren edota janaria eramateko bakarrik zabalik egon diren establezimenduei daude zuzenduta. Eskaera aurkezteko azken eguna apirilaren 16a da.

Dirulaguntza honek bi zati ditu. Batetik, itxita egon behar izan duen establezimendu bakoitzak 1.200 euro jasoko ditu. Bestetik, etxera eramateko zerbitzua soilik izan dutenek, berriz, 1.100 euroko laguntza jasoko dute. Partida osorik agortu ezean, geratzen den diru kopurua establezimendu bakoitzak altan duen langile kopuruaren arabera banatuko da. "Justiziazko irizpidea" delakoan erabaki du udalak horrela egitea. Dirulaguntza horietatik kanpo geratzen dira, bestalde, ogi salmenta eta kafetegi zerbitzua eskaintzen duten establezimenduak.

2020. urtean emandako dirulaguntzetan, ostalaritzako 40 establezimendu izan ziren onuradunak ,eta haietatik 39k, 900 euro jaso zituzten. Segurtasun protokoloak bete ahal izateko egin behar izan dituzten inbertsioengatik ere eman ditu udalak dirulaguntzak. Azken laguntza horien bigarren deialdiaren ebazpena egiteko dagoela jakinarazi du.

Dirulaguntza eskaera egiteko orria.

Dirulaguntzen oinarriak eta deialdia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide