Aurtengo ikasturteko Eskolako Agenda 2030 programaren barruan, ekimen berri bat gauzatu dute herriko haur eta gazteek. 'Basoak ernatzen' proiektua jarri dute martxan. Honen barruan, lanketa sakona egin dute ezkurrekin. Udazkenean ezkurrak bildu eta metodo zientifikoaren bidez frogatuz, ernetzeko bidean jarri dituzte. Hotzean gordeta izan dituzte ezkur batzuk, eta beste batzuk paper hezean bilduta. Hirugarren multzoa, aldiz, zuzenean lurrean sartu dute. Horrela, naturan eman ohi diren egoera aldakorrak aztertzeko aukera izan dute gaztetxoek.
Emaitzak ere aldakorrak izan dira, naturan gertatzen diren bezala. Ezkur batzuetatik haritz landareak lortu dituzte, beste batzuetati, aldiz, ez. Bigarren urratsa haritz landareak landatzea izan da. Bizilore Eskola Aktiboko, Azkoitia BHIko eta Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleek beraien eskola inguruan egin dute landaketa, eta Floreagakoek, herriko baratzen eremuan.
Basoaren astea landaketa horiekin ospatu dute ikasle txikiek, martxoaren 15-18 bitartean. Eskolako Agenda 2030ean parte hartzen Azkoitiko ikastetxeez gain, Gipuzkoako ikastetxe ugarik ere batu dira ekimenera. Guztira, 50 ikastetxe izan dira espezie ezberdinen zuhaitz aleak landatu dituztenak. Basoen garrantziaz oharturik, hemendik aurrera geratzen dena zuhaitz horiek eta gainontzeko guztiek zaintzea izango da.