Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrak parte hartzen duen Fadoak entzuten zituen gizona antzezlanak jaso du aurtengo Donostia antzerki saria. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak hogeita batgarren urtez banatu dute aurten saria.
Xake Produkzioak konpainiaren hirugarren obra da Fadoak entzuten zituen gizona. Kepa Errastiren ideia batetik abiatuta, Txarli Andradek idatzia, Getari Etxegaraik zuzendua eta Iñigo Aranbarrik, Ane Gabarainek eta Errastik berak antzeztua.
Epaimahaiaren arabera, 2020. urtean Donostian helduentzako antzerki konpainia profesional batek euskaraz eskainitako "antzezlanik onena" da aurten saritu dutena. Joan den zapatuan, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Victoria Eugenia antzokian egin zuten ekitaldian 12.000 euro eta Juan Luis Goenagaren margolan bat jaso zituen konpainiak sari gisan.
Maiatzean, Azkoitian
Maiatzaren 8an, Azkoitiko Baztartxo antzokian eskainiko dute antzezlana, 19:00etatik aurrera. Apirilaren 29an jarriko dituzte antzezlanerako sarrerak salgai Entradium plataforman, 8 euroan.