Osakidetzak eta Osasunbideak eman dituzte atzo, larunbata, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 467 kasu positibo zenbatu zituzten; Nafarroan, berriz, 127. Guztira, 591 pertsonak eman zuten positibo, beraz, Hego Euskal Herrian; herenegun baino 160 positibo gutxiago.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 8.042 proba egin zituzten, eta 467 positibo zenbatu. Araban 77 positibo hauteman zituzten, 186 Bizkaian eta 201 Gipuzkoan. Nahiz eta positiboek behera egin herenegundik –562 izan ziren hiru lurralde horietan–, bere horretan jarraitzen du positibotasun tasak, proba gutxiago egin baitzituzten atzo; gaur-gaurkoz, %5,8koa da.
Nafarroan, berriz, 2.293 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 127 lagunek izan zuten emaitza positiboa. Positibotasun tasak beheranzko joera du Nafarroan; atzo %6,1ekoa zen, eta gaur %5,5ekoa da.
Erietxeetako egoeraren berri ere eman du Osakidetzak: atzo 42 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan. ZIUn, berriz, 88 pertsona daude ospitaleratuta.
Bihar arte itxaron beharko da herriz herriko datuak jakiteko, asteburuan ez baitu herrietako egoeraren berri ematen Eusko Jaurlaritzak.