400eko intzidentzia tasa gainditzen duten hemeretzi herri itxita, bihartik aurrera

Maria Maya 2021ko mar. 28a, 08:16

Eusko Jaurlaritzak eguneratu ditu jada herrietako intzidentzia tasak. Eskualdeko herririk ez dago bihar itxiko dituztenen zerrendan.

Azken asteotan datuek okerrera egin dutela ikusita, 100.000 biztanleko 400dik gorako intzidentzia tasa duten herrietan konfinamendu perimetrala ezartzea ebatzi zuen ostiralean Labiren aholku batzordeak. Intzidentzia tasen eguneraketa argitaratu du jada Eusko Jaurlaritzak. Urola Kostako herrietan ez dute neurri hori ezarri beharko, baina, guztira, hemeretzi herri izango dira itxita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Bihartik aurrera itxiko dituzten herrien artean, 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herriak dira Ataun, Idiazabal, Olaberria, Zaldibia eta Zegama, Gipuzkoan; Eltziego, Elvillar, Iruña Oka, Urkabustaiz eta Zigoitia, Araban; eta Berriz, Bizkaian. Itxiera perimetrala ezarriko dieten 5.000 biztanletik gorako herriak, berriz, honakoak dira: Elorrio, Ermua, Muskiz eta Ondarroa, Bizkaian; eta Beasain, Lazkao, Ordizia eta Urretxu, Gipuzkoan. Alboko herrietara soilik joan ahal izango dute herri horietako biztanleek.

Taberna eta jatetxeen ordutegiak, mugatuta

Era berean, aipatu herrietako tabernen eta jatetxeen barruan egoteko ordutegiak mugatuko dituzte: 06:30etik 09:30era goizetan, eta 13:00etik 16:30era arratsaldetan. Espazio itxietan egiten diren kirol jarduerak gehienez lauko taldeetan egin ahalko da, talde profesionalen eta federatuen entrenamenduak eta lehiaketak salbu. Kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egingo dituzte, igerilekuetakoak izan ezik; horietan, gehieneko edukieraren % 35eko okupazioa duten aldagelak erabili ahal izango dira, baita dutxak ere.

Bestalde, Labiren aholku batzordea bildu aurretik establezimenduren batean apirilaren 1-11 artean erreserbaren bat eginda zutenek bidaiatzeko aukera izango dute, nahiz eta ez duten mugikortasuna aholkatzen eta are gutxiago intzidentzia tasa altuko tokietara joatea.

Hurrengo eguneratzea apirilaren 6an egingo dute. Eskualdeari begira, une honetan, Aia egongo litzateke mugatik oso gertu: 352,64ko tasa du. Bestalde, Zestoak 282,49ko tasa du, Zarautzek 239,86koa eta Zumaiak 203,52koa; gainerakoak, aldiz, urrun daude oraindik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide