Floreagako igogailuen proiektuaren lehen fasea maiatza eta abuztua artean egingo dute

Julene Frantzesena 2021ko mar. 26a, 12:18

Floreagako proiektuaren lehen faseko lanen irudia. (Azkoitiko Udala)

Lanak Egurki eraikuntza enpresak egingo ditu, eta horiek 584.554,63 euroko aurrekontua izango dute. Floreaga-zahar jauregiaren, Floreaga ikastetxearen eta Aizkibel kalearen artean egingo dituzte lanok.

Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko proiektuaren lehen fasea maiatza eta abuztua bitartean egingo dute. Lanak Egurki eraikuntza enpresak egingo ditu, eta horiek 584.554,63 euroko aurrekontua izango dute.

Floreaga-zahar jauregiaren, Floreaga ikastetxearen eta Aizkibel kalearen artean egingo dituzte lanok; hain zuzen ere, plataforma jarriko dute jauregiaren ondoan, eta loturetarako bi pasabide izango ditu; Floreaga ikastetxeko kaperaren sarerra parean bata, eta Aizkibel kalean bestea. Gainera, Aizkibel kalean Zuazola kalera joateko pasabidea eraikiko dute.

Oraindik epeak zehazteke badaude ere, lanen bigarren fasea Zuazola kalean hasiko dute, eta udalak adierazi duenez, bigarren fase horren exekuzio proiektua idatzita dago dagoeneko.

Udalak adierazi duenez, lanekin martxoaren amaieran edo apirilaren hasieran hastea aurreikusten zuten, baina erakundeak data atzeratzea erabaki du, "obrak eskola egutegiarekin eta ikasleen sartu-irtenekin ahalik eta gutxien kointziditzeko eta lanek sor ditzaketen eragozpenak nahiz arriskuak saihesteko".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide