Igerilekurako txandak hartzeko sistema egokitzea erabaki du Azkoitiko Udalak, erabiltzaileek hala eskatuta. Orain arte, ordubeteko txandak erreserbatu zitezkeen eta erabiltzaile bakoitzak astean gehienez lau txanda hartzeko aukera zuen. Apirilaren 1etik aurrera, ordea, txandak ordu erdikoak izango dira, eta astean sei txanda erreserbatu ahalko ditu erabiltzaile bakoitzak.
Modu horretara, erabilera denbora murriztuta, txanda kopurua bikoiztu egingo da, eta erabiltzaile gehiagok izango dute igerilekura joateko aukera. Egungo funtzionamenduarekin, erreserba sistemak 576 txanda eskaintzen ditu astean; aldaketarekin, berriz, 1.140 izango dira. Erabiltzaile batek ordubete eskatu nahiko balu, bi txanda hartu beharko lituzke, betiere, jarraian bi txanda libre baldin badaude. Kasu horretan, astean har ditzakeen sei hitzorduetatik, bi erreserbatuko lituzke.
Haurren igerilekurako txandak ere ordu erdikoak izango dira apirilaren 1etik aurrera. Gainera, egun horretatik aurrera, bi familia unitatek partekatu ahalko dute igerileku hori. Gaur egun familia unitate bakarrak du igerileku txikia erabiltzeko aukera.
Aldaketak padeleko pistan eta eskalada murruan ere
Eskalada murruan ere aldi berean zortzi lagun ibili ahal izango dira apirilaren 1etik aurrera. Orain gehienezko pertsona kopurua laukoa da. Txanden iraupena, berriz, luzeagoa izango da: erabiltzaile bakoitzak ordu eta erdiz ibiltzeko aukera izango du.
Padeleko pistaren gehienezko edukiera muga ere handitzea erabaki du udalak. Orain familia unitate bakarrak erabili dezake, etxe berean bizi direnak guztiak. Aldaketa egindakoan, bi familia unitatetako kideek aldi berean erabili ahal izango dute. Jokalariak bi bakarrik direnean, ez dute zertan bizikideak izan beharko.