Positiborik ez Azkoitian hirugarren egunez jarraian

Anartz Izagirre 2021ko mar. 25a, 13:35

Eremu horiaren barruan jarraitzen du Azkoitiak, baina intzidentzia tasak behera egin du gaur ere, 91,80an kokatuz. Hego Euskal Herrian, oro har, gora egiten jarraitzen dute kasu positiboek, eta Urkullu lehendakariak Labiren bilera deitu du biharko.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eman berri ditu atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Hirugarren egunez jarraian, Osasun Sailak ez du kasu positiborik hauteman Azkoitian. Azken hamaau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak, gainera, behera egin du atzoz geroztik. 100,14koa zen atzo tasa, eta gaur 91,80ra jaitsi da. Azken zazpi egunetan lau positibo baieztatu ditu Osasun Sailak herrian.

Urola Kostan, bestalde, 11 kasu zenbatu dituzte, eta horien erdiak baino gehiago Zarautzen izan dira: zazpi. Hala eta guztiz ere, 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa jaitsi egin da han, eta gaur-gaurkoz 256,99koa da, eskualdeko altuena.

Eskualdeko gainontzeko kasuak, berriz, Aian eta Azpeitian zenbatu dituzte, bina positibo herri bakoitzean. Azpeitian jaisten jarraitzen du intzidentzia tasak, eta 118,27koa da gaur-gaurkoz; horrenbestez, gero eta gertuago du eremu berdea. Aian, aldiz, gora egin du intzidentzia tasak; izan ere, egunak zeramatzaten herri hartan positibo berririk hauteman gabe, baina azken bi egunetan hiru kasu zenbatuta, 201,51ra igo da tasa.

Gainontzeko herrietan, berriz, ez dute kasu berririk zenbatu. Intzidentzia tasa kontuan hartuta, ordea, ezberdintasunak daude herri horietan. Izan ere, Zestoan oraindik ere 256,81eko tasa dute —eskualdeko bigarren altuena, Zarautzen ondoren—, Zumaian 193,34koa eta Orion 114,16koa.

Hego Euskal Herrian, gora

Hego Euskal Herriko egoera eskualdekoa baino kezkagarriagoa da. Izan ere, lau lurraldeetan 13.157 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 686 pertsonak eman zuten positibo —herenegun baino 59 gehiagok—. Positibotasun tasa %5,3koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,9koa Nafarroan. Positibo gehien Bizkaian zenbatu dituzte (239), eta, ondoren, Nafarroan (157), Gipuzkoan (151), eta Araban (136). Horrez gain Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren beste hiru pertsonak ere eman zuten positibo probetan.

Ospitaleratzeei dagokionez, berriz, 241 pertsona daude ospitaleratuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan; ZIUn dauden herritarrak, berriz, 83 dira. Osasunbideak ez du Nafarroako erietxeetako daturik eman.

Labiren bilera, bihar

Kasu positiboen goranzko joera ikusita, Iñigo Urkullu lehendakariak Labiren bilera deitu du biharko. Urkulluk adierazi duenez, neurri murriztaileak gogortzea “aztertzen” ari dira; besteak beste, establezimenduen ordutegiak mugatzea zein lurralde arteko konfinamendu perimetrala berriro ezartzea eztabaidatuko dituzte. Bihar, ostirala, 16:30ean egingo dute bilera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide