Osasun Sailak gaur ere ez du positiborik baieztatu Azkoitian

Amaia Urbieta 2021ko mar. 24a, 13:16

Intzidentzia tasa ez da mugitu atzoz geroztik, eta 100,14koa izaten jarraitzen du. Eremu horiaren barruan jarraitzen du, beraz, Azkoitiak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak plazaratu berri du koronabirusaren bilakaera jasotzen duen txostena eta, horren arabera, atzo ere ez zuten kasu positiborik atzeman Azkoitian. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, joan den urteaz geroztik 931 azkoitiarrek eman dute positibo PCR edo antigeno probetan, eta guztira bederatzi herritar hil dira gaixotasunagatik.

Urola Kosta eskualdean, ostera, hamabi lagunek eman zuten atzo positibo COVID-19a atzemateko proban. Berriro ere Zarautzen atzeman zituzten kasu gehien: bost. Herenegun ez zuten positibo bat bera ere zenbatu herri horretan, beraz, jaitsi egin da apur bat kostako herriko 14 eguneko tasa 100.000 biztanleko: 269,84 zen atzo, eta 265,56 da orain. Zoritxarrez, gaurko datuei erreparatuta, badirudi salbuespena izan zela atzokoa, eta Zarautzen joerak goranzkoa izaten jarraitzen duela.

Gainontzeko kasuak ondorengo herrietan baieztatu zituzten: Zestoan hiru, Zumaian bi eta bana Aian eta Azpeitian. Zestoan atzo ere hiru kasu atzeman dituzte, eta igo egin da herri horretan intzidentzia tasa 231,12koa zen atzo eta 256,81ekoa da gaur. Zumaian ere igo egin da tasa apur bat, 183,17tik 193,34ra; Aian 151,13koa da intzidentzia tasa eta Azpeitian, berriz, jaitsi egin da zenbatekoa 170,83tik 151,12ra. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten koronabirus kasu berririk atzeman atzokoan. Orokorrean, gorabeheratsu dabiltza egunotan Urola Kostako herrietako intzidentzia tasak. Herri guztiek eremu horian jarraitzen dute, eta kontroletik kanpoko igoerarik sumatzen ez den arren, badirudi beheranzko joeratik urrun dagoela eskualdea, orokorrean.

500eko langatik gora

Hego Euskal Herriko datu orokorragoei erreparatuta, Osasun Sailaren eta Osasunbidearen arabera 14.058 proba diagnostiko egin dituzte guztira Hegoaldean, eta horietatik 627k eman dute positibo. Positibo gehien Bizkaian zenbatu zituzten: 256. Gipuzkoan 150 zenbatu zituzten, Nafarroan 117, 99 Araban, eta bost lurralde horietatik kanpo. Datu horien arabera, positibotasun tasa %4,3koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %5,2koa Nafarroan.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, ez dute hobera egin zenbakiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 47 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren erietxeetan, ia herenegun bezainbeste, eta ZIUn dagoen herritar kopurua bera da atzotik: 81. Ospitaleratuta daudenen zifrak, berriz, gora egin du apur bat: 243 daude gaur, atzo baino hiru gehiago.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide