Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du koronabirusari buruzko datu eguneratuen txostena. Atzoko probetan bi kasu positibo atzeman zituzten Azkoitian. Hala eta guztiz ere, intzidentzia tasak behera egin du herrian atzoz geroztik. Eremu horian jarraitzen duen arren, 91,80tik 83,45era jaitsi da zenbatekoa. Iaztik dagoeneko 925 lagun baino gehiagori detektatu diote positiboa Azkoitian probaren batean.
Urola Kosta eskualdean, bestalde, hamalau kasu positibo berri baieztatu zituzten atzo. Kasuak bikoiztu egin dira, beraz; izan ere, herenegun egindako PCR eta antigeno probetan zazpi kasu zenbatu zituzten eskualdean. Atzo, Zarautzen detektatu zituzten kasu positibo gehien: zortzi kasu guztira. Intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen du Zarautzen, eta 205,59tik 239,86ra igo da.
Gainerakoan, bina kasu positibo hauteman zituzten Azpeitian eta Zumaian. Azpeitian 157,69koa da intzidentzia tasa, eta Zumaian 183,17koa. Zarautzekin batera, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean intzidentzia tasa altuena duten herriak dira Azpeitia eta Zumaia. Eskualdeko beste herrietan atzo ez zuten kasu positiborik atzeman. Zestoan intzidentzia tasak behera egiten jarraitzen du, eta 256,81ekoa da zenbatekoa egun.
500 kasuren azpitik
Atzo, Hego Euskal Herrian herenegun baino kasu positibo gutxiago hauteman zituzten. 500 kasu baino gutxiago zenbatu zituzten; 479 guztira. 8.907 test egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 410 positibo detektatu zituzten. Positibotasun tasa %4,6an kokatu zen atzo hiru lurralde horietan. Lurraldeen arabera, 82 kasu baieztatu zituzten Araban, 191 Bizkaian eta 133 Gipuzkoan; halere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lau laguni ere positiboa detektatu zioten. Nafarroan, aldiz, 1.788 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta 69 kasu positibo hauteman zituzten; positibotasun tasa %3,9koa izan zen atzo, beraz, Nafarroan.
Ospitaleen egoerak, bestalde, hobera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; izan ere, Osakidetzako erietxeetan martxoko daturik baxuena izan dute ospitaleratuei dagokienean; guztira 210 herritar daude gaur-gaurkoz ospitaleratuta. Zainketa Intentsiboen Unitatean ospitaleratuta dauden pertsonen kopurua ere martxoak orain arte eman duen baxuena izan da, 93 lagun baitaude ZIUn. Halere, oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak altua izaten jarraitzen du. Une honetan 1,10ekoa da zenbatekoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta markatzaile horren arabera, COVID-19a duen pertsona batek lagun bat baino gehiago kutsatu dezake.