Azkoitiko Udalaren laguntzaz, Maxixatzenek etzi, larunbata, Gurea pilotalekuan izango den Frontona ikuskizunerako bi sarrera bikoitz zozkatu ditu. Asko izan dira zozketan parte hartu duten bazkideak, eta guztien artean zozketa egin ondoren, Izaskun Olaizola eta Juan Jose Lasa bazkideak izan dira bina sarrera irabazi dituzten bazkideak. Irabazleek, etzi, Gurea pilotalekuko leihatilan bertan jaso ahal izango dituzte sarrerak ikuskizunaren aurretik.
Frontona ikuskizunaz
Iñaki Urruzolaren zuzendaritzapean, Arteola taldeak ekoitzi duen lehen obra da Frontona. Ohiko pilota partida bat antzeztuko dute Gurea pilotalekuan. Batetik, bi neska ariko dira kantxan antzeztutako pilota partida jokatzen. Bestetik, kontrakantxan elkartuko dira festarako elementu ugari: artekaria, epailea, garbitzailea, esatariak... Gune hori izango da biziena, etengabeko hartuemanean egongo baitira publikoarekin.
Antzezlana interaktiboa izango da; izan ere, ikusleak bi multzotan banatuko dituzte: gorriak eta urdinak. Horrela, kantxako pilotariek jokatutako tanto bakoitzeko bi taldeei euskal kulturari buruzko galdera bat egingo diete, eta 22ra iritsi ahal izateko, ikusleak behartuta egongo dira galderari zuzen erantzutera. Ikuskizunerako sarrerak eskuratu nahi dituenak, Entradium plataforman aurkituko ditu, 5 euroan.