Indarrean dauden neurriak mantenduko dituzte San Jose zubian eta Aste Santuan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Maialen Etxaniz 2021ko mar. 18a, 10:30

Eusko Jaurlaritzak erabaki du Espainiako Gobernuak proposatutako neurriak are gehiago zorroztea; hau da, aurretik indarrean den 22:00etako etxeratze agindua mantentzea eta espazio pribatu itxietan nahiz irekietan lau laguneko muga ezartzea. Eremu pribatuan, gainera, bizikideak diren pertsonak baino ezingo dira elkartu.

Atzotik indarrean dira Espainiako Gobernuak San Jose zubirako eta Aste Santurako ezarritako neurriak. Espainiako Osasun Ministerioak hainbat proposamen egin dizkie autonomia erkidegoei, hala nola elkar daitekeen pertsona kopuruari, etxeratze aginduari eta mugitzeko askatasunari lotuta, baina Eusko Jaurlaritzak orain arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean diren neurriei eustea erabaki du.

Horrenbestez, orain arte bezalaxe, San Jose zubian nahiz Aste Santuan 22:00etan izango da etxeratzeko agindua, eta gehienez, lau lagunek elkartu ahal izango dute espazio publiko itxietan nahiz irekietan. Gainera, itxiera perimetrala ezarrita izango da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eremu pribatuan, gainera, bizikideak diren pertsonak baino ezingo dira elkartu.

Koronabirusaren pandemiaren bilakaera tarteko, Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du egoerak okerrera egiten jarraitzen badu, Aste Santurako beste neurri batzuk ezartzea aztertuko duela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide