Positiborik gabeko hiru egunen ostean, atzo herrian kasu bat hauteman zutela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Ondorioz, zertxobait igo egin da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa, 75,11tik 83,45era.
Eskualdean, berriz, zortzi positibo detektatu zituzten guztira: Azkoitikoa eta beste zazpi. Horietatik ia erdiak, hiru, Zestoan atzeman zituzten. Aurreko bost egunetan ez zuten kasurik zenbatu han, eta bost dira azken zazpi egunetan atzeman dituztenak. Horiez gain, Aian, Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian positibo bana atzeman zituzten atzo. Eskualdeko herri guztiak ere eremu gorritik urrun aurkitzen dira une honetan.
Hego Euskal Herrian, ostera, nabarmen egin du gora positiboen kopuruak. 462 kasuren berri eman dute Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokionez, 9.259 PCR eta antigenoen proba egin zituzten atzo, eta horietatik 394k positibo eman zuten; bezperan 286 kasu positibo izan ziren hiru lurralde hauetan. Hala, positibotasun tasa %4,3koada egun.
Araban 89 positibo baieztatu zituzten, 187 Bizkaian eta 116 Gipuzkoan, bezperan baino 60 gehiago. Beste erkidegoetako bi lagunek ere positibo eman zuten. Ospitaleratuei dagokionez, 34 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan. ZIUko unitateetan, berriz, 98 lagun daude.
Nafarroan ere gora egin du positiboen kopuruak. 2.130 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 68 izan ziren positiboak. %3,2ko positibotasun dute Nafarroan.