Eskuratu daitezke Julen Alonsoren kontzerturako sarrerak

Andoni Elduaien

Julen Alonso eta Eneritz Aulestia. (Argazkia: Oinkari)

Martxoaren 27an, zapatua, Baztartxo antzokian izango da oriotarraren emanaldia, 19:00etan. 10 euroren truke eros daitezke sarrerak.

Datorren larunbatean, martxoak 27, Julen Alonso musikari oriotarrak Sutan dantzan kontzertua eskainiko du 19:00etan, Baztartxo antzokian. Gaur jarri dituzte emanaldirako sarrerak salgai Entradium plataforman; 10 euroan eskuratu daitezke.

Gaztetasunaren ilusiotik eta barru-barruko goxotasunetik ateratako abestiez osatutako diskoa da Alonsoren Sutan dantzan, oriotarrak berak sortua, idatzia, konpondua eta promozionatua. Alboan izan du Eneritz Aulestia. Oinkari dantza taldearekin batera aurkeztuko du oriotarrak diskoa Azkoitian. Emanaldia sentimendu desberdinen bidaia izango da: alaitasunetik goxotasunera, indarretik samurtasunera… Lehen mailako sentimenduen transmisioa, bai musikan eta baita dantzan ere, tradiziotik eta egunerokotasunetik edanez.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide