Azkoitiko Axiri Classic taldeak eta Azkoitiko Ibilgailu Klasikoak elkarteak On Bosco zeharkaldiaren fideltasunaren saria jaso dute. Talde horien izenean zeharkaldian parte hartzen duten pertsona kopuru handiagatik eman diete saria azkoitiarrei. Azken urteotan herriko eta eskualdeko jende ugari batu da zeharkaldira bi talde horien izenean, besteak beste, Antonio Sudupe, Marcos Zubiaurre, Oscar Bernal, Xabier Korta eta Xabier Odriozola.
11. edizioa bete du aurten On Bosco ibilgailu klasikoen zeharkaldiak. Erregulartasun rallyan edo zeharkaldi ibilaldian parte hartzeko aukera eman ohi du zeharkaldiak, eta modalitate horretako rally autoen eta ibilgailu klasikoen adituak eta zaleak biltzen ditu.
Aurten, osasun-krisia gorabehera, otsailaren 27an egin zuten zeharkaldia, baina modu birtualean. Azkoitiarrek ere parte hartu zuten ekitaldian; izan ere, partehartzaileek zeharkaldiko plakak jarri zituzten beren ibilgailuetan eta argazkiak atera zituzten beren herrietan, gero sare sozialetara igotzeko.