Markel Vesgak irabazi du XI. Anaitasuna Kopa

Andoni Elduaien 2021ko mar. 15a, 10:12

Markel Vesga.

Santikutz-Legazpi taldeko Vesgak Igor Altolagirre hondarribiarra menderatu zuen finalean. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko lehia jokatu zuten Valor eta Fernandez azkoitiarrek.

Atzo, igandea, jokatu zituzten XI. Anaitasuna-Kakute Kopako finalerdiak eta finala. Markel Vesgarentzat izan dira XI. Anaitasuna Kopa eta klubak emandako bandera. Lehen finalerdian, Santikutz-Legazpi taldeko Markel Vesgak Anaitasuna-Kakute taldeko Juan Carlos Valor azkoitiarra gainditu zuen –3,5-0,5–; Vesgak espero zena baino partida errazagoa jokatu zuen. Bigarren finalerdian, bestalde, Hondarribia-Marlaxka taldeko Igor Altolagirrek lortu zuen finalerako sailkapena Anaitasuna-Kakute taldeko Anibal Fernandezi 3 eta 2 irabazita.

Hori horrela, Vesgak eta Altolagirrek lortu zuten Anaitasuna Kopako finalera sailkatzea. Valorrek eta Fernandezek, berriz, hirugarren eta laugarren postuak izan zituzten jomuga. Urduritasuna baretzeko eta ideiak argitzeko atsedenaldi baten ostean, Vesgak 3 eta 1 menderatu zuen Altolagirre finalean. Partidak "oso interesgarriak" eta "animatuak" izan ziren antolatzaileen esanetan. Altolagirreren esperientziak ezin izan zuen Vesgaren indar gaztea gainditu. Bien bitartean, hirugarren eta laugarren postuaren borrokan lehiatu ziren bi azkoitiar. Azkenean, Valorrek eskuratu zuen hirugarren postua; 3,5 eta 0,5 irabazi zion Fernandezi.

Zuzendaritza batzordea "oso harro" agertu da lortutako emaitzarekin, eta jokalariek beraiek finalerdiak eta finala aurrez aurre jokatzeko hartutako erabakiarekin. Ikuslerik gabe jokatu zituzten partidak, eta gainera, streaming bidez eman zituzten zuzenean.

Altolagirre, berdez, Vesgaren aurkako finalean

Juan Carlos Valor hirugarren sailkatu zen.

Anibal Fernandez laugarren sailkatu zen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide