Argitaratu berri dituzte Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Nafarroako Osasunbideak COVID-19a atzemateko atzo egindako proba diagnostikoen emaitzak. Jakitera eman dutenez, denera, 7.251 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzokoan –herenegun baino 2.739 gutxiago–, eta proba horietan 347 lagunek eman zuten positibo –herenegun baino 60 gutxiago–. Lurraldeka, 41 kasu positibo atzeman zituzten Araban, 160 Bizkaian, 92 Gipuzkoan eta beste bi bi lurralde horietatik kanpo. Nafarroan, berriz, 52 kasu atzeman zituzten.
Positibo kopuruak behera egin du, baina baita gauzatutako PCR eta antigeno proben kopuruak ere. Hori dela eta, Hego Euskal Herrian positibotasun tasa %4,9koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzoko datuei erreparatuz gero; herenegun baino puntu erdi handiagoa. Nafarroan ere igo egin da tasa: %4koa izan zen atzoko emaitzak tarteko, eta %2,7koa zen atzo.
Osakidetzak ospitaleetako datuak ere eman ditu, eta erakundearen arabera, atzo 42 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan. Gaur-gaurkoz, 97 lagun daude ZIUetan ospitaleratuta, herenegun baino bi gehiago.
Osakidetzak asteburuetan ez ditu udalerrietako kasuak eta Ro indizea jakitera ematen. Bihar emango dute horien berri.