Hiru kasu positibo zenbatuta, eremu horian jarraitzen du Azkoitiak

Andoni Elduaien 2021ko mar. 12a, 13:09

Atzo hiru kasu positibo atzeman zituzten herrian, azken astean atzemandakoen erdiak. Joan den astean baino kasu gehiago detektatu dituzte Azkoitian, baina duela bi aste baino kasu gutxiago. Intzidentzia tasak, ostera, behera egin du.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koronabirusaren bilakaeraren inguruan kaleratu berri duen txostenaren arabera, atzo hiru kasu positibo zenbatu zituzten Azkoitian. Azken zazpi egunetan, guztira sei kasu positibo detektatu dituzte herrian. Aurreko zazpi egunetan baino kasu positibo gehiago baieztatu dituzte Azkoitian; izan ere, lau kasu atzeman zituzten otsailaren 26tik martxoaren 4ra bitartean.

Azken hamalau egunetako intzidentzia tasa nahikoa egonkor mantendu da herrian. Eremu horitik berdera eta berdetik horira ibili da zenbatekoa azken bi-hiru asteetan, baina azken egunetan eremu horian mantendu da; izan ere, intzidentzia tasa 83,45ekoa da Azkoitian gaur-gaurkoz, joan den ostiralean Osasun Sailak emandakoa baino baxuagoa: 91,98koa zen orduan. Dena den, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean tasarik baxuena du Azkoitiak.

Urola Kosta eskualdean, berriz, guztira hamasei kasu positibo atzeman zituen atzoko probetan Osasun Sailak, eta kasu horien erdiak baino gehiago Zarautzen baieztatu zituzten. Bederatzi kasu positibo baieztatu zituzten atzo han, eta intzidentzia tasa 171,33koa da orain. Azken astean 33 kasu zenbatu dituzte Zarautzen, eta ondorioz, gora egin du intzidentzia tasak astebetean; izan ere, joan den ostiralean 98,51koa zen zenbatekoa, eta egun 171,33koa da.

Azpeitian eta Zumaian, bestalde, bina kasu positibo hauteman zituzten atzo. Azpeitian, hamazazpi positibo baieztatu dituzte azken zazpi egunetan, baina intzidentzia tasa joan den ostiralekoa baino zerbait apalagoa da gaur. 223,39koa zen duela zazpi egun kasu metatuen tasa, eta gaur 210,25ekoa da. Zumaian, aldiz, gora egin du intzidentzia tasak azken astean. Azken zazpi egunetan bost kasu positibo detektatuta, 91,58ko tasatik 101,76ra igo da datua.

Eskualdeko gainerako herrietan, atzo ez zuten kasu positibo berririk atzeman. Orion azken zazpi egunetan sei kasu positibo zenbatu dituzte, eta egun intzidentzia tasa 130,46koa da; joan den ostiraleko datua baino baxuagoa da, 179,39koa baitzen tasa hilaren 5ean. Zestoan, ostera, azken astean bost kasu detektatu dituzte. Intzidentzia tasa altua izaten jarraitzen dute han, baina behera egin du zazpi egunetan; 436,57koa da tasa orain Zestoan. Aian bi kasu zenbatu dituzte azken zazpi egunetan, eta bana Aizarnazabalen eta Errezilen. Astea kasu positiborik hauteman gabe pasatu dute Beizamak eta Getariak.

400 kasutik gora

Azken egunetako joera hautsiz, atzo kasu positiboek gora egin zuten berriz ere Hego Euskal Herrian; izan ere, 447 kasu atzeman zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 7.291 test diagnostiko egin zituzten, eta 380 kasu positibo zenbatu zituzten. Lurraldeka aztertuta, Bizkaian 196 positibo baieztatu zituzten, 138 Gipuzkoan eta 44 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren bi lagunek ere positibo eman zuten PCR edo antigeno probetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %5,2koa da positibotasun tasa. Nafarroan, aldiz, 1.907 proba egin zituzten eta 67 kasu atzeman zituzten. Positibotasun tasa %3,5ekoa da Nafarroan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetako egoerari dagokionean, atzo 41 lagun ospitaleratu zituzten eta, gaur-gaurkoz, COVID-19a duten 230 herritar daude erietxeetan, horietatik 95 Zainketa Intsentsiboetako Unitatean (ZIU). Oro har, behera egin dute erietxeetako datuek azken astean. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea puntu batera iritsi da berriz ere; zenbatekoak etenik gabe egin du gora azken egunetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide