Iban Larrañaga Oriamendi Txapelketatik kanpo gelditu da

Andoni Elduaien 2021ko mar. 12a, 10:14

Iban Larrañaga erremontista. (Argazkia: Oriamendi2010)

Azkoitiarrak atzo garaipena lortu zuen Galarretan, baina ez zen nahikoa izan finalerdietara sailkatzeko.

Iban Larrañaga erremontista azkoitiarrak ez du lortu Oriamendi Txapelketako finalerdietara sailkatzea. Atzo, osteguna, jokatu zuten lehen faseko azken jardunaldia. Zaldua II.ak eta Larrañagak 40 eta 32 irabazi zioten Mirubia-Martirena bikoteari. Garaipena, ordea, ez zen nahikoa izan azkoitiarrarentzat.

Jokatutako bost partidetatik bi irabazi eta hiru galdu ditu Larrañagak. Behetik gora egin dute txapelketan Zaldua II.ak eta azkoitiarrak. Txapelketako lehen hiru partidak galdu zituzten; Segurola eta Zaldua I.aren aurka 40 eta 23; Goikoetxea V.a eta Labakaren aurka 40 eta 29; eta Urrutia II.a eta Aizpuru II.aren aurka 40 eta 30. Azken bi jardunaldiak, ordea, irabazi egin dituzte Zaldua II.ak eta Larrañagak; Etxarri-Zubiri bikoteari 40 eta 28, eta Mirubiak eta Martirenak osatutako bikoteari 40 eta 32 atzo.

Zazpi puntu eskuratuta, sailkapeneko bosgarren postuan amaitu du Larrañagak lehen fasea. Goikoetxea V.a eta Labaka sailkatu dira lehen postuan, hogei puntu batuta; bigarren postuan, Segurola eta Zaldua I.a hamasei punturekin; hirugarren postuan, Urrutia II.a eta Aizpuru III.a, hamalau punturekin; eta sailkapena lortu duen azken bikotea Mirubia-Martirena izan da, hamar puntu eskuratuta. Txapelketatik kanpo gelditu den azken bikotea Etxarri-Zubiri izan da, lau puntu batuta.

Finalerdiak martxoaren 18an jokatuko dituzte Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa). 17:30ean hasita, Goikoetxea V.ak eta Labakak osatutako bikoteak Mirubia-Martirena bikotearen aurka jokatuko du lehen finalerdia. Bigarren finalaurrekoan, berriz, Segurola-Zaldua II.a eta Urrutia II.a-Aizpuru III.a bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide