Kasu berri bat zenbatu du Osasun Sailak Azkoitian

Aiora LarraƱaga 2021ko mar. 11a, 13:36

Gaur-gaurkoz 66,76koa da 100.000 biztanleko intzidentzia tasa Azkoitian, eta gertu du eremu berdea. Urola Kostan, guztira, hemezortzi kasu berri hauteman zituzten atzo, horietako gehienak eskualdeko bi herririk handienetan: Zarautzen eta Azpeitian.

Asteak aurrera egin ahala, gora egin dute positibo berriek eskualdean, baina Azkoitian oraindik ez da kezkatzeko moduko daturik izan. Atzo egindako PCR eta antigeno probetan kasu bakarra hauteman zuten herrian, eta eremu berdea gero eta gertuago du Azkoitiak; izan ere, 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa 66,76koa da. Horrez gain, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik intzidentzia tasarik baxuena duen udalerria da Azkoitia.

Eskualdeko datuei erreparatuta, atzo, guztira, hemezortzi kasu berri zenbatu zituzten Urola Kosta osoan. Horien erdiak Zarautzen atzeman zituzten, bederatzi kasu, hain zuzen ere, eta gora egin du herri horretako 100.000 biztanleko 14 eguneko tasak: 149,91koa da gaur gaurkoz, baina eremu horian jarraitzen du.

Zarautzen bezala, Azpeitian ere gora egin du kutsatu kopuruak, eta atzo zazpi kasu berri hauteman zituztela adierazi du Osakidetzak. Hala, intzidentzia tasa 203,68koa da.

Bestalde, Aian kasu bat zenbatu zuten, eta azken astean detektatutako bigarren kasua da atzokoa –astelehenean hauteman zuten bestea–; 100ekoa da intzidentzia tasa herri horretan.

Datuak lurraldeka

Atzokoan 9.560 proba diagnostiko egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, eta denera 414 positibo atzeman zituzten. Horietako 201 Bizkaian zenbatu zituzten, 58 Araban, 106 Gipuzkoan eta 47 Nafarroan. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste lau lagunek ere eman zuten positibo. Gaur gaurkoz, %4,3koa da positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,32koa Nafarroan. 

Ospitaleetako egoera hobetzen ari da apurka-apurka, apaltzen ari delako koronabirusak erietxeetan duen eragina ere. Atzo 31 ospitaleratze berri egon ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan, eta denera 228 lagun daude ospitaleratuta koronabirusagatik hiru lurralde horietan; Zainketa Intentsiboen Unitateari dagokionez, 100 pertsona daude bertan, atzo baino bost gutxiago. Nafarroan, aldiz, lau lagun ospitaleratu zituzten atzo COVID-19a dela dela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide