Ia urtebete da egunerokoan eta etxetik kanpo maskara erabiltzen hasi ginela. Maskara erabiltzeak pandemiaren zabaltzea asko mugatzen duen arren, beste arazo batzuk ekarri dizkigu. Farmazian lan egiten dugunok ikusten dugunez, maskarak eragiten dituen kexa gehienak azaleko asaldurei edo alterazioei buruzkoak dira.
Maskaren marruskadura jarraiak, etengabeak eta hezetasunak nahiz maskara barruko mikroklimak aurpegiko azalean bi eragin nagusi ditu, batetik, koipe jarioa gehitzen da; bestetik, poroak buxatzea, ondorioz, aknea sortzen da. Maskarak sortutako akne mota horri masknea deitzen diogu.
Zer egin dezakegu, ordea, masknea saihesteko eta tratatzeko?
Bestela ere beti garrantzitsua den arren, masknearen kasu hauetan aurpegiko azalaren garbiketak berebiziko garrantzia du. Gauero, lotara joan aurretik, aurpegiko azalaren garbiketa bikoitza egin behar da, baita makilatzen ez garenean ere. Garbiketarako, lehendabizi azalaren garbitzaile koipetsu bat erabiliko dugu, eguzkitako krema (bai, egunero eman beharrekoa da azalaren fotozahartzea sahiestu nahi badugu) eta egunean zehar metatutako izerdia eta kutsadura azaletik kentzeko. Ondoren, garbitzaile urtsu batekin borobilduko dugu aurpegiko azalaren garbiketa.
Bada topiko bat: azal koipetsuek hidrataziorik behar ez dutela. Uste hori, ordea, guztiz okerra da. Izan ere, azala osasuntsua izateko, ondo garbitzeaz gain, behar- beharrezkoa da ondo hidratatuta izatea eta hesi funtzioa mantentzea. Masknea izaten den kasuetan, gustuko testura aukeratzea da garrantzitsuena, horrek eguneroko erabilera bultzatuko baitu.
Aknea dagoen kasuetan, beharrezkoa izango litzateke bakoitzari egokitutako tratamendu berezituak erabiltzea. Patologia arina den kasuetan, serum edota krema berezi batekin tratatzea da egokiena. Aknearen kasu larrietan, baina, medikuarengana joan behar da, hark behar bezala aztertzeko eta tratamendua jartzeko.
Garbiketa eta tratamendu modu horiez gainera, badira azala garbi eta osasuntsu mantentzeko bestelako produktu batzuk ere: tonikoak eta lozioak. Produktu horiek azala garbitu ondoren edota tratamenduaren aurretik erabiltzen dira, eta azala egoki izateko errutina osatzen laguntzen dute.
Azal guztiak desberdinak direnez, dermofarmazietan espezializatutako farmazietan errutina pertsonalizatua prestatzen lagundu dezakegu, egokiena bakoitzaren azalaren araberako garbiketa pertsonalizatua izatea baita.