Zaborra ibaitik babesteko jarritako burdin sareak apurtu eta lurretik askatu dituztela salatu du Eguzki erakunde ekologistak. Eguzkiren arabera, guztira 21 burdin sare erauzi dituzte Azkoitian, Urola ibaiaren bi aldeetan. Eguzkik jakinarazi du kaltetutako burdin sare gehienak Ibaiondo kalean daudela, zehazki ibaiak anbulatoriotik Martin Deuna kaleko autobus geraleku parera egiten duen bidean.
Erakundeak adierazi du, ibaiko baranden azpian jarritako burdin sareak lau torlojurekin daudela lotuta zorura, baina erauzitako 21 barandetatik hamaseik torloju bakarra edo bi besterik ez dituztela orain. Gainerako burdin sareak "zatitu" egin dituztela azaldu du Eguzkik edota "desagertu" egin direla. "Zalantzarik gabe, Urola ibaira bota dituzte", azaldu du erakundeak.