Martxoaren 8a da, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, eta ohikoa bihurtu den eran, gaurkoan ere berdintasunaren aldeko aldarriek eta emakumeek egunerokoan jasaten dituzten zapalkuntzen kontrako oihuek beteko dituzte kaleak. Azkoitian bi elkarretaratze egingo dituzte: bata goizean eta bestea arratsaldean.
Goiz partean ikasleen txanda izango da. Ikasle Abertzaleek deituta, Emakume langileon interesen defentsan, ikasleok antolatu lelopean, elkarretaratzea egingo dute Azkoitia BHIn, 11:00etan hasita. Arratsaldean, berriz, Sostenipe talde feministak deituta egingo dute kontzentrazioa. 19:00etan herriko plazan izango da hori, Dena aldatu, sistema arrakalatu lelopean.
Martxoaren 8aren atariko gisa, asteburuan ere hainbat ekitaldi izan dira herrian. Ostiralean, Hezkidetza Foroaren ekimenez herriko ikastetxeetako ikasleek egindako muralak zintzilikatu zituzten udalatxeko bakoiaren azpian. Larunbatean, Ez da kasualitatea bertso saio musikatuaz gozatzeko aukera izan zuten Baztartxo antzokira bertaratu ziren herritarrek. Udalak antolatu zuen ekitaldia, Martxoaren 8aren bueltan. Eta atzo, asistentzia lanez eta emakume langileen zapalkuntzez aritu ziren Elkargunean, Itaiak antolatuta egin zuten solasaldian. Itaiak gaur Azpeitian egingo du Urola Erdiko mobilizazio nagusia. 19:30ean manifestazioan abiatuko dira plazatik eta Epaitegien parean bukatuko dute.