Miguel Oñederra eskulturgilea hil zen atzo, 94 urte zituela. 19 urterekin, 1945ean, Ecce-Homo izeneko eskultura egin zuen azkoitiarrak. Hain zuzen ere, Aizpurutxoko gaztainondo baten enborra erabili zuen zauritutako Jesus irudikatzeko.
1947an, eskultura hura tarteko, Donostiako Artista Berrien saria jaso zuen, eta udalak erosita, 1948an desfilean atera zuten Jesusen irudi hura Azkoitiko suhiltzaileek. Harrezkero, Aste Santuko Azkoitiko prozesioetan kaleratu izan dute Oñederrak egindako pasoa. Urte urtero bere lanaren atzetik ikusi ohi zen Oñederra Ostiral Santuko prozesioan.