Azken hiru egunetan kasu positibo bakarra atzeman du Azkoitian Osasun Sailak

Julene Frantzesena 2021ko mar. 1a, 13:07

Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa edo intzidentzia tasa 75,11koa da herrian, eta eremu horian jarraitzen du.

Koronabirusaren pandemiaren hirugarren olatuak moteltzera egin du nabarmen Hego Euskal Herrian, eta Azkoitian ere nabaritzen da eragina. Azken hiru egunetan kasu positibo bakarra baieztatu du Osasun Sailak. Kasu hori atzo, igandea, egindako PCR eta antigeno probetan atzeman zuten. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa edo intzidentzia tasa, gainera, 75,11koa da Azkoitian; eremu horian jarraitzen du horiak.

Urola Kostan ere agerikoa da kasu positiboen kopuruaren beherakada. Azken boladan asteburuetan izan den positibo kopururik baxuena pasatu berri denean zenbatu dute; izan ere, orotara, ostiraletik igandera bitartean, 23 positibo detektatu ditu Eusko Jaurlaritzan Osasun Sailak eskualdeko herrietan.

10.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiak 200dik beherako intzidentzia tasa dute; hau da, 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa asko jaitsi da herri horietan; eta beraz, eremu horian dira Azkoitia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaia. Azkoitiko kasuaz gain, Azpeitian sei lagunek eman dute positibo, Zumaian hiruk eta Zarautzen bik; Orion, ez dute positiborik zenbatu.

Eskualdean intzidentzia tasa altuena duen herria, berriz, Zestoa da. Asteburuan zazpi positibo atzeman dituzte herri horretan, eta gaur-gaurkoz, 590,65 da hango tasa. Hala eta guztiz, 5.000 biztanle baino gutxiago dituenez, ez da eremu gorrian sartu herria. Gainerakoan, Errezilen eta Aizarnazabalen positibo bana zenbatu dute ostirala eta igandea bitartean, eta Getarian, berriz, bi lagunek eman dute positibo.

Datuak hobetzen

Hego Euskal Herrian ere hobetzen ari dira COVID-19ari lotutako datuak. Atzo 128 positibo atzeman zituzten Bizkaian, 78 Gipuzkoan, 41 Araban eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi den pertsona batek ere eman zuten positibo PCR eta antigeno probetan. Datu horiek tarteko, 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 255,03n kokatu da. Oinarrizko birsorkuntza tasa, berriz, 0,87 da.

Nafarroan, berriz, joan zen uztailaz geroztik izan den kutsatu kopuru txikiena atzo zenbatu zuten: 42 lagunek eman zuten positibo Osasunbideak egindako probetan. Horrenbestez, azken hogei egunetan ehun positibo baino gutxiago zenbatu dituzte Nafarroan egunez egun. Positibotasun tasak gora egin du, dena den, gauzatutako proba kopurua ere asko jaitsi delako: 784 proba egin zituzten eta positibotasun tasa %5,4 da.

Ospitaleetako egoera ere hobera egiten ari da pixkanaka bada ere. Atzo 120 lagun zeuden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ZIUetan, duela astebete baino hamalau gutxiago. Orotara, 22 lagun ospitaleratu zituzten atzokoan, eta gaur egun 299 pertsona daude hiru lurralde horietako ospitaleetan koronabirusaren harira. Nafarroako Gobernuak ez ditu ospitaleetako datuak jakinarazi.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide