Agur beroa jaso du Kruz Mari Alberdi Poxpi musikari azkoitiarrak. Herritar asko bertaratu da gaur, larunbata, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen parrokiara Poxpiri azken agurra ematera. Atzo, ostirala, hil zen Poxpi, eta musika, kirol eta gizarteko bestelako hainbat esparrutan lan egin zuen urte askoan.
Hileta elizkizuna hasterako iritsi da parrokia egungo edukiera neurriek zehaztutako kopurura, eta hainbat lagunek eta herritarrek elizkizuna amaitu arte eliz atarian itxaron behar izan dute Poxpi agurtzeko.
Parrokia atarian, Azkoitiko hainbat trikitilari zain izan ditu Poxpik; izan ere, erromerietan eta ezkontzetan trikitilariekin ibiltzeaz gain, hainbat disko ere grabatu zituen herriko trikitilariekin. Haiek guztiek trikiti eta dultzaina –Poxpik ere jo ohi zuen– doinuekin agurtu nahi izan dute musikaria. Eliz atarian zain zeudenek, berriz, txalo artean agurtu dute betirako Poxpi.