Razvan Suma eta Josu Okiñena musikarien kontzertua izango da igandean parrokian

Anartz Izagirre 2021ko ots. 22a, 14:13

Josu Okiñena.

Batura Zikloaren barruan eskainiko dute emanaldia, 18:30ean hasita, eta sarrera doakoa izango da. Besteak beste, Schumman, Aita Donostia eta Tomas Garbizuren obrak interpretatuko dituzte Sumak eta Okiñenak.

Datorren igandean, hilak 28, Razvan Suma biolontxelo-jotzailearen eta Josu Okiñena pianistaren kontzertua entzun ahal izango da parrokian. Batura Zikloaren barruan eskainiko dute bi musikariek emanaldia, 18:30ean hasita, eta sarrera doakoa izango da.

Batura Zikloaren helburua "euskal musika klasikoa eta nazioarteko errepertorioa batzea eta elkarrekin eskaintzea" da, baita "euskal musika konposizio unibertsal handien mailan kokatzea" ere. Nazioartean ezagunak diren artistek parte hartzen dute egitasmoan; antolatzaileen arabera, publikoari bi errepertorioak eskaintzen dizkiete modu "hurbil, atsegin eta didaktikoan".

Kontzertuko programan, besteak beste, honako konpositoreen obrak agertzen dira: Schumman, Aita Donostia, Tomas Garbizu, Lavilla, Faure eta Piazzola.

Ibilbide luzeko musikariak

Igandeko emanaldia eskainiko duten bi musikariek ibilbide oparoa dute musikan. Razvan Suma errumaniarrak, esaterako, munduko aretorik garrantzitsuenetakoetan jo izan du, hala nola Buenos Aireseko Colon antzokian, Donostiako Kursaalean, Madrilgo Auditorio Nazionalean eta Bukaresteko Ateneo Rumanon. Horrez gain, hainbat orkestrarekin jo izan du, besteak beste, Bern Symphony Orchestarekin nahiz Enescu Philharmonic Orchestrarekin.

Bestalde, Josu Okiñena Euskal Herriko Unibertsitateak saritutako pianista eta ikertzailea da, Aita Donostiari buruz egindako lanarengatik. Euskal musika ondareari buruzko proiektu bat ere gauzatu du Okiñenak, Xuxurlak izenekoa; horrez gain, ibilbide oparoa izan du musika klasikoaren munduan pianista, ikertzaile eta irakasle moduan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide