Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri du osasun egoeraren berri ematen duen herriz herrikako txostena. Haren arabera, Azkoitian hiru kasu positibo berri zenbatu dituzte azken hiru egunetan. Ostiralean, larunbatean eta igandean kasu bana zenbatu dute herrian. Hori horrela, Azkoitia eremu berdera sartzear da; izan ere, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa 75,11koa da. Joan den ostiralean 125,18koa zen zenbatekoa.
Urola Kosta eskualdean, berriz, 40 kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan. Kasu gehien Azpeitian atzeman ditu Osasun Sailak. Guztira hamalau positibo hauteman dituzte han –bost ostiralean, sei larunbatean eta hiru atzo–, eta kasuak bikoiztu egin dira hiru egunean; izan ere, hilaren 12tik 18ra bitartean egindako probetan sei kasu baieztatu zituzten Azpeitian. Intzidentzia tasak, halere, 275,95etik 216,82ra egin du behera.
Azpeitiaren ondoren Orion eta Zarautzen zenbatu dituzte kasu positibo gehien; zazpina kasu bi herrietan. Orion ostiralean egindako probetan zenbatu zituzten zazpi kasuak. 244,62koa da intzidentzia tasa han, eta beraz, gora egin du, 228,13koa baitzen zenbatekoa ostiralean. Zarautzen, bestalde, ostiralean lau kasu zenbatu zituzten, bat larunbatean eta bi atzo, igandea. Intzidentzia tasak behera egin du ostiraletik Zarautzen, 278,41ekoa izatetik 231,29koa izatera pasatu baita.
Zestoan, aldiz, sei kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan. Ostiralean hiru kasu detektatu zituzten, bakarra larunbatean eta bi atzo. Intzidentzia tasa 500dik gora duen eskualdeko herri bakarra da Zestoa; izan ere, 539,29koa da tasa han gaur-gaurkoz.
Aian eta Getarian ere zenbatu dituzte kasu positiboak. Aian bi kasu atzeman dituzte, bana ostiralean eta larunbatean. Intzidentzia tasak 100 puntu egin du gora han, eta 251,89koa da orain. Getarian, berriz, larunbatean detektatu zuten asteburuko kasu bakarra; 70,67koa da tasa orain Getarian. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zumaian azken hiru egunetan ez dute kasu positiborik baieztatu. Azken herri horretan, gainera, 193,34koa da azken hamalau egunetako intzidentzia tasa.
360 kasu Hego Euskal Herrian
Atzo, igandea, 6.646 test egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 303 kasu positibo detektatu zituzten; positibotasun tasa %4,5ekoa da hiru lurraldeetan. Lurraldeka aztertuta, 46 kasu zenbatu zituzten Araban, 166 Bizkaian eta 85 Gipuzkoan. Hala eta guztiz ere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren sei pertsonatan ere positiboa detektatu zuten. Nafarroan, berriz, 1.091 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta guztira 57 kasu positibo atzeman zituzten. %5,2koa da positibotasun tasa Nafarroan.
Ospitaleen egoerari buruz ere eman ditu azalpenak txostenean Osasun Sailak. Atzo 27 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira 396 lagun daude ospitaleratuta hiru lurralde horietako erietxeetan. ZIUn daudenak edo zainketa berezia behar duten pertsonak 145 pertsona dira. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizeak, halaber, gora egiten jarraitzen du, eta 0,86an kokatu da; Gipuzkoako indizea 0,82koa da.