Urola Erdiko merkatari eta negozio txikiek egungo egoeraren aurrean duten erronketako bat digitalizazioa da. Nahi horri erantzuteko Kapazitazio tailerrak antolatu ditu Iraurgi Berritzeneko Ekintzailetza arloak, UEskuartzen egitasmoaren barruan.
Urtearen lehen seihilekoan egingo dituzte Urola Erdiko merkatari eta negozio txikiei zuzendutako saioak Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Aurreneko hitzordua datorren ostegunean, otsailaren 25ean, izango da 14:30etik 16:30era, Azkoitiko Intsausti jauregian. Marketing digital praktikoa izenburu hartuta egingo dute tailerra, eta Internetaren eta sare sozialen erabilgarritasuna eta aukerak aztertuko dituzte.
Hilero saio bana egingo dute, eta erreminta digital desberdinak landuko dituzte. Saioen inguruko informazioa jasotzeko eta izena emateko Klink webgunera jo behar da.