Atzo ez zuten positiborik atzeman eta jaisten jarraitzen du intzidentzia tasak

Anartz Izagirre 2021ko ots. 18a, 13:20

Azken zazpi egunetan bi positibo zenbatu dituzte herrian eta intzidentzia metatuaren tasa 133,52koa da gaur-gaurkoz. Urola Kostan hamabi kasu berri hauteman zituzten atzo, Zumaian, Zarautzen eta Azpeitian banatuta.

Azkoitian beherako bidean jarraitzen du COVID-19aren 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak. Atzo ez zen positibo berririk izan, azken zazpi egunetan denera bi besterik ez dituzte hauteman, eta 133,52koa da, gaur-gaurkoz, metatutako intzidentziaren tasa.

Eskualdeari dagokionez, atzo guztira hamabi positibo zenbatu zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, herenegun baino bost gehiago. Urola Kostako positibo guztiak hiru herritan hauteman zituzten atzo. Zumaian izan dira kasu gehien; izan ere, bost kasu zenbatu zituzten atzo, eta uneotan 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 203,52koa da herri horretan. Azken egunetako joerari erreparatuta, igoera txiki bat izan da han, baina oraindik ere eremu horian jarraitzen dute. Bestalde, Zarautzen lau positibo berri zenbatu zituzten atzokoan, herenegun baino bi gehiago. Gaur-gaurkoz 282,69ko tasa dute eskualdeko herririk jendetsuenean; beraz, eremu horian jarraitzen dute. Atzo positiboak zenbatu zituzten hirugarren herria Azpeitia izan zen. Hiru egun jarraian herrian positiborik hauteman ez badute ere, atzo hiru kasu berri zenbatu zituen Osasun Sailak. Hala eta guztiz, intzidentzia tasan ez da aldaketa handirik izan, eta gaur-gaurkoz 308,80ko tasa du Azpeitiak; beraz, eremu laranjan jarraitzen du.

Eskualdeko gainontzeko zortzi herrietan, berriz, ez zuten positibo bakar bat ere zenbatu atzo. Orion tasak beheraka jarraitzen du, eta eremu horia gertu dute; izan ere, uneotan 309,85eko tasa dute. 5.000 biztanletik beherako herrietatik aipagarriena, berriz, Zestoako kasua da. Osasun Sailak atzo ez zuen han kasu berririk zenbatu, baina bertan eskualdeko intzidentzia tasarik altuena dute oraindik, 410,89koa, hain justu.

Hego Euskal Herrian, gora

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren osasun sailek emandako datuei erreparatuta, guztira 13.229 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo lau lurraldeetan, eta 641 positibo izan ziren. Azken egunetako joera bera izan zen atzo ere, eta Bizkaian atzeman zituzten kasurik gehienak: 341. Horrez gain, Gipuzkoan 133 kasu hauteman zituzten, Araban 81 eta Nafarroan 78. Bestalde, EAEtik kanpoko herritarren zortzi kasu ere atzeman zituen Osakidetzak. Gauzak horrela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa %5ekoa da eta Nafarroakoa %4,1ekoa.

Ospitaleratzeei dagokienez, berriz, Osakidetzako erietxeetan 68 pertsona ospitaleratu zituzten atzo; ZIUetan, berriz, 153 pertsona daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide