Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Azkoitian kasu positibo bat zenbatu zuten atzo, asteartea, egindako PCR eta antigeno probetan. Azken zazpi egunetan atzemandako bigarren positiboa da atzokoa. Era berean, intzidentzia tasak behera egiten jarraitzen du etenik gabe. 150, 21ekoa da gaur-gaurkoz Azkoitiko azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa.
Urola Kostan ere indarrean jarraitzen du beheranzko joerak, atzo zazpi kasu berri baino ez baitzituzten zenbatu eskualde osoan. Kosta aldean atzeman zituzten kasu gehienak, hain zuzen, hiru Zumaian, bi Zarautzen eta bat Orion. Dena den, hiru herrietan egin du behera intzidentzia tasak: gaur-gaurkoz, 424,01ekoa da Orion, 274,13koa Zarautzen eta 172,99koa Zumaian. Zenbateko horiekin bada aldaketarik kostako semaforoko argietan, beraz: Oriok eremu laranja izaten jarraitzen du eta eremu horia Zumaiak, baina eremu laranja atzean utzi eta horira igaro da Zarautz.
Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestuan ez zen emaitza positiborik izan atzoko probetan. Hala ere, 308,8ko intzidentzia tasarekin, Azpeitia eremu laranjan sartuta dago oraindik.
600 kasutik behera
Atzo 13.463 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, herenegun baino 2.152 gehiago. Hala, emaitza positiboen kopurua ere herenegungoa baino altuagoa izan zen atzokoan: 512 kasu positibo baieztatu zituzten, eta atzo 559 –327 Bizkaian, 109 Gipuzkoan, 60 Nafarroan, 56 Araban eta zazpi beste lurralde batzuetako bizilagunen artean–.
Atzo %4,6koa izan zen positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herenegun baino puntu bat gutxiago. Nafarroan, aldiz, atzokoan erregistratu zuten positibotasun tasarik baxuena uztailaren 16tik: %2,3.