Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez du positibo berririk atzeman Azkoitian azken orduetan. Atzoko datuekin gaur kaleratu duen txostenaren arabera, COVID-19aren metatutako intzidentzia 158,56koa da gaur-gaurkoz herrian. Gaitzaren eraginak apalaldian jarraitzen du, izan ere: azken zazpi egunetako datuak begiratuta, horietatik bost egunetan positiborik ez dute zenbatu Azkoitian, eta guztira lau positibo egon dira astebetean: gaur zortzi hiru, eta joan den larunbatean beste bat.
Bestalde, hamabi positibo atzeman zituzten atzo Urola Kosta eskualdean, horien erdiak Zarautzen. Aurreko hiru egunetan adina atzeman zituzten atzokoan, baina intzidentzia tasa ez da igo herri horretan, mantendu egin da: 316,96ean dago zifra gaur-gaurkoz. Zestoan hiru kasu atzeman zituzten atzo, hori dela eta, hamalau eguneko intzidentzia tasak 500eko langa gainditu du herri horretan. 539,29ekoa da tasa, baina 5.000 biztanletik beherako herria denez, ez da aplikatzen Eusko Jaurlaritzak ezarritako semaforoen sistema. Kasu berriak atzeman dituzten beste bi herriak Aia eta Zumaia dira. Hurrenez hurren, bi kasu eta kasu bakarra atzeman dituzte herri horietan. Dena den, intzidentzia tasak behera egin du Aian (201,51koa da gaur eta 251 zen atzo), eta mantendu egin da Zumaian (213,70ean dago tasa).
Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten positibo berririk atzeman atzo, beraz, eremuei dagokienean, ez da aldaketa handirik izan. Eremu gorritik kanpo jarraitzen dute eskualdeko herri guztiek; eremu laranjan daude Azpeitia, Orio eta Zarautz, eta horian Azkoitia eta Zumaia.
Beheranzko joera Hego Euskal Herrian
Urola Kosta eskualdea ez da salbuespena, izan ere, azken egunetan apaltzera egin dute Hego Euskal Herrian atzemandako kasu berriek, eta atzoko datuek joera hori berretsi dute. Denera, 11.311 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzokoan, eta horietatik 512k eman zuten positibo. 45ek Araban, 293k Bizkaian, 106k Gipuzkoan eta 9k hiru lurralde horietatik kanpo. Nafarroan, berriz, 59 izan ziren atzemandako kasu berriak. Hala, positibotasun tasa %5 baino txikiagoa da Hego Euskal Herrian. %3,4koa da Nafarroan eta %4,7koa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Dena den, erietxeetako egoerak gordina izaten jarraitzen du oraindik ere. 60 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusagatik, eta une honetan 438 lagun daude ospitaleratuta hiru lurralde horietan, herenegun baino 36 gutxiago. Zainketa Intentsiboen Unitatean, berriz, koronabirusa duten 168 gaixo daude.