Hiru egunetan positibo bakarra atzeman dute Azkoitian

Anartz Izagirre 2021ko ots. 15a, 13:29

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaur eman ditu ostiraletik igandera bitarteko herriz herriko datuak; Azkoitian, zapatuan atzeman zuten asteburuko kasu bakarra. 166,90era jaitsi da hamalau eguneko intzidentzia tasa. Urola Kosta osoan nabarmen egin dute behera positiboek, eta eremu gorrian zeuden herriak laranjara pasatu dira.

COVID-19aren eraginak apaltzen jarraitzen du Azkoitian. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaur eman ditu ostiraletik igandera bitarteko herriz herriko datuak, eta Azkoitian positibo bakarra atzeman dute hiru egunetan; zapatuan zenbatu zuten kasu bakarra, hain zuzen. Horrenbestez, hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere behera egin du. Ostegunetik eremu horian dago Azkoitia, eta asteburuko datuen bilakaerari esker, intzidentzia tasak 200eko langatik behera egin du, 166,90ean kokatuz. Azken zazpi egunetan bost positibo zenbatu dituzte herrian. Azkoitia da eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietan intzidentzia tasarik baxuena duen herria.

Azken asteetako daturik baikorrenak izan dira Urola Kostan ere. Izan ere, ostiraletik igandera bitartean hamalau herritarrek bakarrik eman zuten positibo eskualdean egindako PCR eta antigeno probetan, joan zen asteko asteburuan baino bederatzi pertsona gutxiagok, hain justu. Daturik esanguratsuena da gaur-gaurkoz ez dagoela eskualdeko herririk eremu gorrian.

Azken hiru egunetan positibo gehien Zarautzen hauteman dituzte, sei —ostiralean bi, herenegun hiru eta atzo bat—, eta 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa 316,9 da uneotan. Joan zen astelehenean 329,81eko tasa zuten herri hartan; beraz, tasak apur bat behera egin du astebetean. Kasurik gehien zenbatu dituzten eskualdeko bigarren herria Azpeitia izan da, hirurekin; ostiralean kasu bat zenbatu zuten, larunbatean bi eta atzo bat ere ez. Astebetean nabarmen egin dute behera positiboek Azpeitian, eta gaur-gaurkoz 420,50eko intzidentzia tasa dute. Joan zen astelehenean 873,85ekoa zen tasa, eta eremu gorrian zegoen herria; beraz, jaitsiera agerikoa izateaz gain pozik egoteko moduan dira azpeitiarrak, hainbat aste eremu gorrian egon ostean eremu laranjara igaro baitira.

Orion ere duela astebete baino emaitza baikorragoak izan dira; izan ere, hiru egunetan kasu bakarra zenbatu dute bertan. Eremu gorritik laranjara igaro da Orio ere, eta gaur-gaurkoz 472,93 da hango intzidentzia tasa. Beraz, nabarmen jaitsi da tasa astebetean, joan zen astelehenean 1.288,32koa baitzuen.

Azkoitian eta Orion bezala, positibo bakarra izan dute aurreko bi egunetan Errezilen, Zestoan eta Zumaian ere. Zumaia eremu horian dago, 213,70eko tasarekin; Zestoan 487,93ko tasa dute eta Errezilen 161,03koa. Aian, Aizarnazabalen Beizaman eta Getarian ez da kasurik izan azken hiru egunetan.

Hego Euskal Herrian, hobera

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian ere positiboen kopurua beheranzkoa izan zen atzo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 418 kasu zenbatu zituzten; horietatik 270 Bizkaian izan ziren, 91 Gipuzkoan, 51 Araban eta sei hiru lurralde horietatik kanpo. Guztira, 7.550 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo hiru lurralde horietan, eta positibotasun tasa %5,5ekoa da. ZIUetan, berriz, 170 pertsona daude ospitaleratuta gaur-gaurkoz, eta, atzo, 38 ospitaleratze berri izan ziren Osakidetzan.

Nafarroan, berriz, 1.202 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo eta 48 pertsonak eman zuten positibo. Joan zen uztailaren 30etik lurralde historiko horretan hauteman duten daturik apalena da atzokoa, eta %4ko positibotasun tasa dute uneotan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide