Beste hiru puntu Anaitasunako emakumeentzat

Julene Frantzesena 2021ko ots. 14a, 09:00

Anaitasunako neskak partida batean.

Anaitasunako emakumeen lehen taldeak atzo jokatu zuen denboraldiko hamalaugarren jardunaldia, Pauldarrak taldearen kontra. San Juan zelaian jokatu zuten Euskal Ligako norgehiagoka, eta beste hiru puntu erdietsi zituen etxeko taldeak; izan ere, 11. minutuan Maider Badiolak sartutako gola aski izan zitzaion Azkoitiko taldeari garaipena eskuratzeko.

Emakumeen Euskal Ligaren lehen fasea bukaerara iristen ari da; hiru partida baino ez zaizkie gelditzen taldeei. Anaitasuna sailkapenaren buruan da alde ikaragarriz –bigarren sailkatuak, Zarautzek, baino hamar puntu gehiago ditu–, eta dagoeneko eskuetan du Emakumeen Liga Nazionalerako igoera fasea jokatzeko txartela. Dena den, lehen fasean lortutako puntuekin ekingo dio Anaitasunak igoera faseari, eta beraz, jokatzeko dituen hiru partidetako puntuak garrantzitsuak izan daitezke taldearentzat.

Datorren asteburuan Oiartzunen kontra neurtuko dituzte indarrak Gorka Zubizarretak gidatzen duen taldeko emakumeek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide