698 positibo gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian

Amaia Urbieta 2021ko ots. 13a, 13:37

Osakidetzak eta Osasunbideak plazaratu dituzte atzoko proben emaitzak eta, horien arabera, igo egin da positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, behera egin du apur bat.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak atzo egin zituztenPCR eta antigeno proben emaitzak plazaratu dituzte. 13.728 proba diagnostiko egin zituzten guztira lau lurraldeetan, eta probak egin zituzten 698 lagunek eman zuten positibo. Positibo gehienak Bizkaian atzeman zituzten atzo ere: 367 kasu, hain zuzen. 162 zenbatu zituzten Gipuzkoan, 85 Nafarroan eta 71 Araban. Positibotasun tasa % 5,5ekoa izan zen atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (herenegun baino altuagoa), eta %3,4koa, berriz, Nafarroan (jaitsi egin da herenegundik). 

Ospitaleetako datuei erreparatuta, Osakidetzak azaldu du 80 pertsona ospitaleratu zituztela atzo COVID-19aren ondorioz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herenegun baino hamazazpi gehiago. Bestetik, gaur-gaurkoz, gaixotasun hori duten 170 pertsona daude ZIUetan, herenegun baino hiru gutxiago. Nafarroako Gobernuak ez du ospitaleratzeen inguruko informaziorik eman.

Etzi, astelehena, jakingo dira eskualdeko herriz herriko datuak zein R0 indizea zeintzuk diren, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez baitu asteburuetan horien berri ematen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide