Azkoitiko Gazte Asanbladak jakitera eman duenez, atzo Matadeixen bilduta zeuden gazteak kanporatu eta asanbladako kide bat identifikatu zuen Ertzaintzak 20:30 eta 21:00 artean. Asanbladako kideek azaldu dute "segurtasun neurriak zainduta" ari zirela asteroko bilkura egiten atzokoan: "Asanbladako kideok bilduta geundela agente polizialek gure jarduna eten dute, eta militante bat identifikatu dute. Asanbladatik gogor salatzen dugu pairatutako jazarpena". Kide bat identifikatzeaz gain, mehatxu ere egin zietela salatu dute gazteek: "Hurrengoan denok identifikatuko gaituztela eta bakoitzari 600 euroko isuna jarriko digutela esan digute". Era berean, azpimarratu dute azken asteetan presentzia poliziala "nabarmen" handitu dela herrian, eta "lan politikoa eta kulturala egiteko askatasuna" aldarrikatu dute.
Urola Erdiko GKSk ere Azkoitian jazotakoa salatu du. "Pandemia garaian ezarri diren neurriak aitzakiatzat hartu badituzte ere, oztopatu nahi dena politika instituzional burgesetik kanpo kokatzen den antolakuntza politikoa da. Askatasun politikoen aurkako beste eraso bat izan da Azkoitian jazotakoa", adierazi dute koordinadorako kideek sare sozialetan.