Barealdia iritsi da Azkoitira, eta hori baietatzera datoz Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian kaleratu dituen datuak. Atzo ez zuten positiborik atzeman herrian, eta beste koska bat jaitsi da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa: joan den ostiralean 367,19koa zen eta 208,63koa da, eremu gorrian sartzeko 500eko mugatik urrun. Jaitsiera hori positibo berrien kopuruak izan duen apaltzeari zor zaio: joan den astean 32 positibo atzeman zituzten azkoitian, eta aste honetan hamahiru izan dira.
Eskualdeko egoerak ere, oro har, hobera egin du azken egunotan. Azpeitia eta Orio dira eremu gorrian dauden herriak, baina bietan nabarmen egin du hobera egoerak. Azpeitian bi positibo baieztatu zituzten aztzo, 35 izan dira aste guztian, eta 630,75eko da intzidentzia tasa; joan den ostiralekoaren erdia. Orion, berriz, positibo bakarra atzeman zuten atzo, hamabi aste guztian, eta 619,70koa da intzidentzia tasa; 1.272koa zen joan den ostiralean.
Zumaia eta Zarautz, berriz, eremu laranjan daude; baina bi herrietako bilakaera ez da bera, Zumaian egoerak hobera egin duen bezala, Zarautzen okerrera egiten ari baita. Zumaian bi positibo zenbatu zituzten atzo, bederatzi aste guztian, eta 366,34koa da intzidentzia tasa. Zarautzen, berriz, zazpi positibo izan zituzten atzo, 43 aste guztian, eta 364,07koa da intzidentzia tasa.
5.000 biztanletik beherako herrien artean, Zestoa da daturik eskasenak dituena. Atzo hiru positibo hauteman zituzten han, eta 11 aste guztian. Getarian positibo bakarra zenbatu dute aste guztian —atzo bat bera ere ez—, eta Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez dute positiborik atzeman aste guztian.
Eskualde guztiko datuak batuta, atzo hamabost positibo baieztatu zituen Osasun Sailak, eta 124 izan dira aste guztian. Joan den astean guztira 184 izan ziren guztira, eta duela bi aste 287.
Hegoaldeko positibotasun tasa %5etik jaitsi da
Atzo 15.915 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta 740 positibo zenbatu zituzte guztira (herenegun 781). 13.575 test diagnostiko egin ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, 643 positibo baieztatu zituzten PCR eta antigeno probetan. 93 positibo berri Araban atzeman zituzten, 400 Bizkaian, 139 Gipuzkoan eta 11 hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonetan. Positibotasun tasa %4,7koa da.
Nafarroan 2.340 proba egin zituzte, eta positibotasun tasa %4,1ekoa da, 97 positibo berri zenbatuta.
Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 63 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta COVID-19a duten 173 pertsona daude ZIU Zaintza Intentsiboko Unitateetan ingresatuta.