1996. urtean hasi zuen Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak bere bidea, eta 2021. urte honetan beteko ditu 25 urte. Elkarteko kideek azaldu dute "aurtengo jardunak berezia" izan behar zuela urteurrena ospatzeko, baina pandemiak galarazita, aurten bederen mende laurdena ospatzeko ekintzarik ez dutela antolatuko jakinarazi dute.
Urtean zehar hainbat ekintza antolatzen ditu Maxixatzen elkarteak, besteak beste, Maiatzeko Lorak eta Orbel Jokoak. Iaz, ez zuten ezer antolatzerik izan osasun egoeragatik, eta elkarteko kideek aurreratu dutenez, aurten ere bertan behera utziko dute euskal kultur ekitaldiak biltzen dituen Maiatzeko Lorak programa.
Egoerak hobera egingo balu, 2022. urtean sartu aurretik, "udazkenean edo neguan", euskaran eta euskal kulturan sustraitutako Orbel Jokoak antolatzen eta 25. urteurrena borobilduko duen Maxixatzaileen Eguna antolatzen saiatuko direla azaldu dute elkarteko kideek.